Goiatz Labandibar.

Neke burokratikoa

2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

Herriko festak eta auzokoak bukatu dira azken egunetan. Nahi nizueke kontatu neka-neka eginda nagoela lo gutxi egin dudalako, hankazpiak babaz josita ditudala dantza eta dantza egin dudalako eta ahaztuta neukala zer den biharamuna, eta ostras, ez nintzela akordatzen zer ziren buruko min eta tripa nahasi horiek. Eta bai, nekatuta nago. Baina ez dut neke klase hori.

Bestelakoa da: neke burokratikoa sentitzen dut.

Izan ere, festen aurretik bete behar izan ditudan dokumentuek; Izenperekin egin beharreko eskaera elektronikoek; Ogasunaren, Gizarte Segurantzaren eta Aldundiaren burokraziek; udalaren dirulaguntza lehiako nerbioek —musu truk egiten dugun lana ez dakigun defizitario bihurtu— eta aseguru bat lortu arte etxe bati, eta besteari eta besteari ia erreguka ibili izanak pof utzi naute. Txikituta.

Sistema perfektua da: nazkatu daitezela denak, utz dezatela festak eta ekimenak antolatzeari eta iritsiko da egun —ez urrunegi— hori, non udalek eta bestelakoek jaiak lizitatuko dituzten kontratu txiki bidez eta enpresa profesionalek antolatuko dituzten bazkari «herrikoiak», kontzertuak, herri kirol erakustaldiak, puzgarriak eta dantza txapelketak.

Baina gero, ikusten duzu jendeak ongi pasatzen duela, sokatiran atera diren neska-mutilek afaria zeinen ona zegoen esaten dizute, eta eskerrak ematen dizkizute Poesia Eguna antolatzeagatik... Eta —pixka bat— pasatu egiten zait neke burokratikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.