Geroz eta ohikoagoa da sasoi honetan edozeinekin oporretako helmugez hitz egitea. Azken asteetan oporrei buruzko elkarrizketa ugari izan ostean, bueltak eta bueltak ematen ari natzaio kontu bati. Dutxan nagoela, buruan xaboia ematen, espiralean bueltaka dabilkidana grafikoki azaldu du erreproduzitzen ari den Bi Bala taldearen Kontraesanak kantuak: «Inoiz Larhun igo gabe, Himalaiara trekinga...». Joder, Maialen. Zu ere ez zara sekula Larhunen egon, esan diot neure buruari, gainontzekoez pentsatzen ari nintzena nire txapelpean ikusi dudanean. Xaboia ematen jarraitu dut eta ondorioztatu dut lagun gehiago ezagutzen ditudala Himalaian, Alpeetan edo Dolomitetan egon direnak, Larhunen egon direnak baino. Ez, ez da hiperbole bat.
Helmuga handiak ditugu askok uda honetan. Nire Instagrameko horman, esaterako, geroz eta ohikoagoak dira Filipinetara, Maldivasera, Sri Lankara edo Costa Ricara oporretan doazenak. DoazenaK, bai, pluralean. Jakin nahiko nuke urtero helmuga handiak dituztenetatik, zapaldu duten lurralde eta kontinente bakoitzeko argazki album bat egiten duten horietatik, zenbat izan diren noizbait Tuteran, Baionan, Lapuebla de Labarcan, Balmasedan, Ziburun edo Tafallan. Nola izan gaitezke mundua ezagutzeko horren gose, gure herriaz asetzeko borondaterik ez dugunean?
Pentsatzen dut ea ez ote dugun, munduko bazterretan galtzearekin amestu baino lehenago, Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko amets gauzagarria bete behar.