Harrigarria iruditzen zait musikak sor dezakeen magia. Kanta batek eragin dezakeen guztia: identifikatuta senti zaitezke, zure emozioak zehatz-mehatz deskriba ditzake. Eta abesti batek momentu jakin bat ekar diezazuke gogora, edo pertsona konkretu bat.
Ken Zazpiren Itsasoa gara entzuten dudan bakoitzean M-rekin gogoratzen naiz. Begiak itxi eta nire memoriak urte batzuk egiten du atzera. Izaroren Edzddh kantaren hasierarekin, berriz, orainaldiarekin egiten dut topo. Zea Maysen Besterik ez naiz entzutean J-rekin bizitako mila momentu etortzen zaizkit burura, eta datozkigunak imajinatzeko aukera ere ematen dit. Musika, iraganera joateko, oinak lurrera ekartzeko, etorkizuna irudikatzeko.
Baina ez horretarako bakarrik, musikak elkarrekin konektatzeko ere balio digu. Harremanak estutzeko. Hori sentitzen dut kuadrillakoek Ibil Bediren Orain bat gara kanta bidaltzen didaten bakoitzean. Musika, harremanak mantentzeko.
Eta hau idazten ari naizela, burura etorri zait nire amona. Alzheimerra zuen: hitz egiteari utzi zion, ibiltzeari ere utzi zion, baina kantatzen segitzen zuen. Begirada galdua desagertu egiten zitzaion abesteari ekiten zionean. Eta, azkenerako, kantu bidez komunikatzen ginen. Musika, ez ahazteko.
Hortxe musikak duen boterea: espazioaren eta denboraren mugak gainditzea, pertsona batzuk gogora ekartzea, emozioak azaleratzea, elkarrekin konektatzea. Musika, bizirik gaudela sentiarazteko.