Zuhaitzetik zuhaitzera arropa eskegita. Umeak oihuka, jolasten, eta ke adar batzuk, norbait jatekoa prestatzen ari den seinale. Udako oporretako postal bat izan zitekeen, kanpin baten irudia. Errealitateak, ordea, ez du postal horren antzik txikiena ere.
Punta-puntako kanpin denden ordez, makilak elkarri lotuta eta plastikozko olanekin egindako dendak daude. Batzuk aterik gabe. Beste batzuek maindireak dituzte ate gisa. Kanpin batena baino, errefuxiatuen kanpaleku baten antz handiagoa du. Bogotako Enrique Olaya Herrera Parke Nazionala da, eta egoera horretan bizi dira 500 indigena inguru.
Embera komunitateko indigenak dira, talde armatuetatik ihes egin dutenak. Egun, zortzi gatazka armatu daude Kolonbian, eta horren ondorioetako bat da Parke Nazionalean errefuxiatu diren indigenak, egoera latzean bizi direnak. Parkea protesta eremu eta babesleku gisa erabili dute hiru bat urtez: 2021ean hartu zuten lehenengoz, euren lurralde eskubideen aldeko defentsan. Gobernuak adostutako akordioak betetzen ez zituela ikusita, parkea berriro hartu zuten iaz, euren egoera ikusarazteko asmoz.
Hortik pasatzen naizenero korapilo bat sortzen zait barruan. Mila galdera etortzen zaizkit burura. Eta kontrakoa pentsatu nahi dudan arren, uste dut jendea ohitu egin dela egoerara. Normalizatu egin dutela. Eta pentsatu dut zeinen erraz ohitzen garen krisietara, gugan eragin zuzena ez duten bitartean. Begi bistan dugu bidegabekeria, eta ikusezin zaigu.