Maialen Arteaga.

Gure (h)egiak

2024ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hotel bat hartu duzu, izarrek eta argazkiek gidatuta. Zeure buruari luxu bat eman nahi izan diozu gaurkoan. Bost izar omen zituen, iruzkinak ere alekoak, baina iritsi zarenean kolpea hartu duzu. Ez da irudikatu duzuna.

Begiz jota zeneukan jatetxera joatea erabaki duzu orain. Sare sozialetatik begiekin jan zenuenak ez du bat egiten ahotik irentsi duzunarekin. Orduan, ez duzu ulertzen zergatik igo duen hemendik igaro den bakoitzak argazki bat. Ez da irudikatu duzuna. Edo irudikatu dizutena? Hala ere, espresuki horregatik eta horretarako etorri zara, eta argazki bat igoko duzu filtroekin, beste guztiek bezala.

Egun batzuk beranduago, kayaka egitera joan zara munduko zazpi marabilletako batera. Paradisuetako batean omen zaude, baina lilura material hau lilura izanagatik ere, ez da irudikatu duzuna. Itsasoan ageri den plastikozko mendikatea ez duzu inoiz zure sareetako inoren argazkietan ikusi, ezta inguratzen zaituen turista artaldea ere. Zu ere artaldeko ardi bat zarela ohartu zara, eta ez, hain justu, beltza. Hau ere, ez da irudikatu dizutena.

Irudikatu dizutenaren eta denaren arteko distantzia biderkatzen den garaiotan, zoriontasun plastiko erradikalaren esklabo bilakatu zara. Kritikatzen duzun beste ematen diozu jaten, eta puntu honetan, ez dakizu zer den justuagoa: A aldeek B-tik gehiago dutela erakusteko aktibista edo eskirol millennial bilakatu, ala irudikatu dizuten hori puzten jarraitu. Gaur ere bigarrenaren alde lerratu zara. Errazegi eraikitzen dira (h)egiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.