Pankarta arrazistak, manteroen aurkako operazioa Bilboko Aste Nagusian, Twitterreko xenofobia... Jarrera eta diskurtso arrazistak areagotzen ari dira, eta Euskal Herrian ez gaude munduko joera globaletik salbu. Inoizko Euskal Herri askotarikoenean bizi gara eta hori areagotu egingo da datozen urteetan. Bi norabide posible ditugu:
Bat, mehatxu gisa ulertzea, diskurtso erreakzionarioak besarkatu eta edozein krisi edo egiturazko arazori migrazioaren aitzakiapean erantzun. Esan beharrik ez dago aukera honek euskal gizartea eskuinerantz biratzea ekarriko duela. Beren burua ezkerrekotzat dutenek ere, «etorkinen mehatxuaren» aitzakiapean, eskuineko politikak babesten bukatuko dute. Spoiler: herri sektoreak eta sektore zaurgarrienak izango dira kaltetuenak.
Edo bi, aukera gisa ulertzea, etorkinak instrumentalizatu gabe. Hemen lan egin eta bizi den oro euskal herritarra da. Zer esan nahi du horrek XXI. mendean? Harrera herria izateko politika publiko ausartak behar ditugula eta eskuin muturrari bataila kulturala egin behar zaiola. Gure herri eta nazio proiekturako ateak zabaldu eta geroz eta gehiago izateko palanka gisa planteatu behar dugu. Euskarak hiztun gehiago irabazi ditzake, abertzale izateko modu berriak loratu daitezke... hori guztia, migraziorako arrazoiak borrokatuz.
Burujabetza osorik gabe ezin Euskal Herrira egokitutako migrazio politika propioak ezarri. Baina estatu propio bat nahi baldin badugu, ez dadila izan Espainia edo Frantzia txiki bat sortzeko.