Orain dela gutxi Zinegoak jaialdia izan da Bilbon eta euren aurtengo leloa queertopia izan da. Bilaketa bat egin dut eta ikusi dut Texas-en badela komunitate bat, genero disidente etxebakoei zerbitzuak emateko. Baina Zinegoak-eko kideek beste modu batera erabili dute: queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak, pluralak, sortzea, eta askotariko pertsonak gabiltzala queertopia propioak sortzen; benetan garen bezala sentitu eta bizi gaitezkeen espazioak, alegia: fisikoak, leku bati lotuak (hiria edo herria), edo pertsonei (familia edo lagunak).
Eta itzel gustatu zait kontzeptua. Orainaldi berriak behar ditugu, kontranarratibak, errealitatean eragingo duten fikzioak. Azken urteotan, gainera, distopia beldurgarriak konpultsiboki kontsumitzen ditugu telesailetan (hori diot, nahiz eta umetan Mad Max-eko film saga osoa irentsi edo oraintsu Neskamearen ipuina, Snowpiercer eta Kolapsoa gustura ikusi).
Horren aurrean, heroi maskulino hegemoniko salbatzaileetatik harago joateko beharra dugu; usteka, auskaloka, omenka berba egin eta beste pantaila eta espazio batzuetara eramango diguten berbak eta irudiak asmatu beharra dago. Imajinazioaren kolonizaziotik abiatzen baitira bestelako kolonizazioak.
Aukera apala dugu uda honetan. Sukar Horia talde ekologistak Etorkizun Bizigarriak Irudikatzen izeneko literatur eta itzulpen lehiaketa jarri du martxan. Bonbardatzen gaituzten distopiez nekatuta bazaude, horixe da zeure lekua, euren berbetan. Irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzue zuen artefaktu literarioak.