Txerra Rodriguez.

Euskara ondo batua

2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Lengoaiarekin sortzen dugu errealitatea eta harekin mundua interpretatu. Eta horrek baldintzatzen du gauzak zelan bizi ditugun, bai. Eta lengoaia ez da naturala, ez: berbak ekoizten dira eta arautu. Gurean, funtzio hori Euskaltzaindiak du, geure akademiak. Baina alborapen batzuekin egiten du lan hori. Ea esplikatzen naizen.

Euskaltzaindiaren hiztegi orokorrean sartuta, bizkaierazko marka (zergatik bizkaiera deitu, Araban eta Gipuzkoan ere erabiltzen bada?) 1.162 berbak dute; beste bost euskalkien marka duten berbak, guztira, 1.281 dira. Hau da, marka duten berben ia erdiak bizkaierazkoak dira. Esate baterako, pitzadura berbak ez du marka dialektalik, baina arrakala berbak bai; apez edo apaiz berbek ez dute markarik, baina abade berbak bai; neba berbak badu bizkaierazko marka, baita umel, loba edo zelan berbek ere.

Baina ez da hiztegi horrek duen bitxikeria bakarra: berbetan oharrak agertzen dira (ez dago jakiterik nork egin dituen ohar horiek). Eta haietako batzuk negargarriak dira (edo ez, beharbada adjektiboa beste bat da). Esate baterako, atoan berbak honako ohar hau dakar: «Bizkaiera über Alles-en aspaldiko zaleek aspaldian ia-ia bandera gisa darabilten erdarakada arrunt hori, bide batez Bizkaiko toki aski mugatuetan besterik entzuten ez dena eta literatur tradizio eskasa baino eskasagoa duena, are maila beherakoan jarri beharko genuke geure zerrendan». Edo kaza berba: «Erdarakada horrek ez du literaturan tradiziorik eta gaur jende ezjakinak besterik ez darabil».

Euskara ondo batua izango dugu inoiz, marka bakoa edo ahalik eta marka gutxien izango duena. Hizkuntza ei da lantzen duenarentzat, ba has dezagun lantzen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.