Aurrekoan, familia bat agur esaten ikusi nuen tren-geltokian. Gurasoak oporretan zihoazela eta, haurrak aitona-amonekin geratuko ziren —pentsa, adinekoak poz-pozik—. Udako estanpa ohikoa den arren, eszena samurra iruditu zait; izanen da nik bizi ez dudalako. Aitona-amona guziak beste kontinente batean bizi izan dira beti, eta gurasoak ezin izan dira eskapatu gure edadetuekin umezaintza lanean utziz. Are gehiago, esanen nuke hatz gutxi batzuk aski direla elkarrekin egon ginen udak zenbatzeko.
Duela hilabete pare bat, itsasoz bestaldera joan nintzen, beste hatz bat gehitzeko bildumara. Aitona eta bi amonak bisitatzera nindoan, statu quo-ko hainbeste urteren ondoren. Sorpresarik ez, zahartuak ikusi nituen, eta pentsatu nuen: «nolakoak izanen ziren garai batean?». Garai batean, jostunak ziren bi amonak, eta eskuz emeki-emeki eginiko lanaren herentzia batzuk daude oraindik familiaren etxe guzietan. Mahai-zapiak, maindireak, eskuoihalak eta baita ezkontza-soineko baten bat ere.
Azken egunetan, bueltako hegazkina hartu baino lehen, ibilaldi batzuk egin nituen auzoan bietako bakoitzarekin. Batek alzheimerra du, eta, erreferentziarik ez baitu orientazioan, oreka galtzen du. Eskua hartu nion. Besteak mugitzeko zailtasunak ditu, eta dependentzia fisikoa du ibiltzeko. Eskua hartu nion. Ez dakit noiz arte egonen naizen berriz esku horiek hartu gabe, eta kontsideratu dut azken aldia izanen zela ere; baina gure hatzak gurutzatzen ziren bitartean, sumatu nuen zerbait josi genuela.