Elon Musk komuneko harraska eskuetan hartuta Twitterren egoitzara sartzen ikusi nuenean erabaki nuen planetako gizon —eta ugaztun— aberatsena omen denaren plataforma uztea, eta ez zen ingelesezko hitz jokoaren txarrarengatik izan.
Ordurako banekien plataformak ez zuela plaza globalaren funtzioa betetzen, elkar entzuteko gailu baino besteen ahotsaren gainetik oihu egin eta elkarri gorotzak jaurtitzera ohitzeko espazio digitala zela. Baina gauza bat da zerbait jakitea eta beste bat hori horrela dela onartzea. Eta Elon Musken harrikadak aitzakia eman zidan jada banekiena onartzeko.
Urte gutxian «sare sozial» deitzen hasi gara gehiago korporazio erraldoien produktuei gure harreman sistemari baino, eta kapitalismo teknologikoaren joko arau absurdo, logika kaltegarri eta algoritmo ikusezinak naturalizatu ditugu gure bizitzan, besteen interesen zerbitzura jarriz gure gogo eta jardunak.
Izaki sozialak gara, eta produktu hauek jakin dute gure komunikazio beharrizanak detektatu eta hackeatzen. Herriko plazaz mozorrotu dute WWF ringa, bertako ikuskizuna elkarrizketa dela sinetsarazteraino.
Baina ez da. Ringean ez dago elkarrekin hitz egiterik. Apenas dago eztabaidatzerik. Melea eta elea leku gutxitan dira bateragarriak, BERRIAn ez bada. Paperean edo pantailan irakurri, txoko hauek eta txoko hauek bezalakoak defendatu egin behar ditugu. Alternatiba basakeria da.