Yasmine Khris.

Desagertzea

2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Oporretatik itzuli eta «a ze beltzaran zauden!», gogoratzeko moda patriarkal batzuen subjektua naizela oraindik. Arrazoi, nahiz eta azal gaineko melaninazko kapa hori aste batzuetara desagertuko den. Gauza bera gertatzen da udarekin. Iruñera itzuli eta pare bat egunera, euri zaparradak blai utzi du hiria. Udak irailaren 21ean amaitu behar du; baina aurreratzen ari da. Urtu egiten dute sasoi guztiek, eta urtero ailegatzen da Lurraren Gainditze Eguna, geroz eta goizago: gizadiak noiz bukatu dituen lurrak urte oso horretan birsortu ditzakeen baliabide naturalak. Ura, elikagaiak, erregaiak... aurten, abuztuaren lehena izan zen.

«Landa haria eta lurra, seaskatuta/ lurperatuta daudenak eta lurrean dautzanak/ [...] Nakba etengabeak», idatzi du Mohammed el-Kurd poeta palestinarrak. Desagertzearen historia da uda, askoz aspaldiago Palestina suntsitu zuten arren. Vandana Shiva ekintzaile ekofeministak apartheid ekologikoa kontzeptua erabili du maiz, eta hurrengoa aurresan: «Naturaren aldeko andreek ikusten dute basoek ura, lurzorua eta haizea ematen dizkigutela. Aldiz, kapitalismoak egurra ikusten du, moztu eta saldu dezakeena [...] ikusten du zer irabazi izanen dituzten arbola horiek guztiak moztuz gero: haientzat, suntsiketa irabazia da». Apartheid bikoitza batzuentzat, alegia.

Bihar iraila hasiko da; uda ez da amaituko, baina baliabideak jadanik bai. Eta bitartean ez da Lurraren Gainditze Egunik izan Palestinan, egunero baita. Gu sasoiez sasi-kexu gauden bitartean, ez da udazkenik izanen Palestinan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.