Goiatz Labandibar.

Bizirauleak

2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Agian zuek ere ikusi duzue aste honetan aita palestinar baten irudia bere haurraren gorpua besoetan, aurpegia eta burua zintzilik dituela. Beste irudi terrible bat Gazatik. Beste bat gehiago. Palestina Palesmina bihurtu zaigu. Dena esanda dago genozidio horri buruz, baina bukatzeko azken hitza dutenak isilik daude.

Hil direnen erruki dugu. Baina bizirik geratzen direnek biziraun beharko dute ikusi eta bizitu duten terrore guztiarekin. Sendatzea oso zailak izango diren minekin. Ziurrenik, sendaezinak (nahiz eta gizakiak erakutsi duen bizirauteko gaitasuna, memoria selektibo eta guzti. Eta agian ezinbestekoa da memoria selektiboa bizirauteko).

Aste honetan beste kolpe batek kolpatu gaitu herrian. Irudirik ez dut ikusi, ezta beharrik ere. Gure herriko eta ondoko gazte bana hil berri dira Mont Blancen. Eta ze gogorra eta ze tristura sentitzen duen herri oso batek horrelako zerbait gertatzen den aldiro. Mendiak edo autoak edo beste zerbaitek eraman behar ez zuen bizitza bat daramanean aurretik. Hirugarren gazte bat bizirik suertatu da. Ze zortea berea, eta bere inguruarena, pentsatu dugu denok. Baina biziraun beharko du heriotzaren gertutasunarekin eta lagunen galerarekin. Eta berriz galdetzen diot neure buruari gauza bera: nola jarraitzen da bizirik hainbesteko minarekin? Horregatik, besarkada bat berari (ere). Besarkada bat bizirauten duten guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.