Oroitzen zarete ezin zenutenean zuzeneko telebista-emanaldirik ikusi pertsona bat biluzik kameraren aurrean pasatu gabe? Larruazala agerian uzteaz gain, ezohiko korrikalariek aunitzetan mezu bat letra larriz zeramaten gorputzean. Streakers-en fenomenoa 1970eko hamarkadan piztu zen, eta urteekin mugimendu kultural bihurtu zen: Oscar sariak, Olinpiar Jokoak, Wimbledon... Jendetza batzen zen oholtza edota zelaietan ezustean azaltzen ziren, hasieran irri eragiteko, ondoren aldarrikapen politikoarekin. Zuek baten bat ikusi duzue azkenaldian? Biluztasuna geroz eta ohikoagoa den garai honetan, larrugorrizko esprinterrak pantailetatik desagertu dira. Kontraesanak kontraesan.
2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan, streaker batek su olinpikoaren erreleboa blokeatu zuen, Free Ttibet mezuarekin. Aurtengoaren antzekoa. Bai, ongi irakurri duzue: gizonezkoen 100 metroko finala hasi baino minutu batzuk lehenago, pertsona bat pistan sartzen saiatu zen. Free Palestine eta Free Ukraine zeraman idatzita, baina inork ez zuen ikusi, kamerariek erabaki baitzuten ez grabatzea.
Ekintzaren esentzia efimeroa bada ere, une deigarri bilakatu ohi da ikuslearentzat (gogoratu Femen-en agertzeak edo, hemen bertan, PETAren elkarretaratzeak Iruñeko sanferminen aurretik). Joan den igandean, poliziaren kapa guztiek galarazi zuten militarismoaren aurkako mezu bat zabaltzea Olinpiar Jokoetan gehien ikusiriko ekitaldian. Kamerek ere bai. Eta berarekin batera, mezua hil zen. Free streakerra, hurrengorako?