Lerro hauek idazterakoan kostaldeko herri batean nago, leihoak itxita eta pertsianak beheratuta. Beroa elkarrizketa gai komun eta bakar bilakatzen duen egun horietakoa da. Bero sinestezina. Benetako beroa.
Teoria badakigu: jarduera industrialak eta erregai fosilen erabilera planetario masiboak aldaketa sistemikoak ekarriko ditu gauzak aldatu ezean. Gustatuko ez zaizkigun aldaketak, biziraun ezingo ditugun aldaketak. Miseria eta faxismoa, gerra eta exodoak irudikatu ditzakegu geroaldian. Baina irudikapen hauek horixe iruditzen zaizkigu: gerta daitekeenaren irudi soila, kalte egin ezin digun abstrakzioa.
Baina gaur bezala beroaldiak kolpatzen gaituenean unetxo batez irudia erreal bilakatzen da. Kalkuluak tenperatura bilakatzen dira, teoriak izerdi eta errealitatea abuztuko itzalik gabeko plaza eguzkitsu.
Esango didazue eguzkitan orduak emateko ohituraren aurkako nire herrak direla eta ez dizuet ezetzik esango. Neure baitarako jarraitzen dut pentsatzen izarraren irradiazioan masibo eta boluntarioki kiskaltzearen ideia ez dela berez dirudiena bezain ona, baina egia da ez dela berez nire gustuko plana.
Deigarriena egiten zaidana da nola batzuetan geroa orainean materializatzen zaigun eta nola alda ditzakeen gure geroarekiko harremanak. Kaleetako termometroetako pantailetan 45 gradu irakurtzen dugunean eta etxeko leihoak zabaltzean lehorgailutik atera berri den haize beroa sartzen zaigunean zaila da beroa ukatzea. Urtez urte gora egiten ari diren itsaso eta erreketako uren tenperatura erregistroei ez ikusia egitea errazagoa zaigu, tenperatura horiek ez baitzaizkigu logelan sartzen.