Xabier Landabidea Urresti.

Asmatu

2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Gustuko dut euskaraz nola erabiltzen dugun hitz bera igarri eta sortu esateko.

Telebistako lehiaketan segundo gutxian galderari erantzun egokia emateari asmatzea esaten diogu, baina baita alabari lehenago existitzen ez zen ipuin bat lehen aldiz kontatzeari ere. Galdu genuen errezetan osagai bakoitzetik zehazki zenbat behar zen gogoratu ezinik kopuru bat kalkulatu eta liburuan idatzita zetorrenarekin bat etortzea asmatzea da, baina errezetarik gabe aurretik sekula inork prestatu gabeko jakiarekin ausartzea ere bai.

Asmakizunean ezkutuan baina aurrez definituta zegoena aurkitzeari, dakigunetik abiatuta ez dakiguna kausitzeari asmatu esaten diogu. Baina asmakizuna bada baita ere aukera eta arazo berriak zabalduko dizkiguten gailu, teknika, modu, metodoak eraikitzea.

Asmatzea susmo zaharrak landu eta susmo berriak landatzea da aldi berean: atzea eta aurrea dantzatzea, zaharra eta berria lotzea, ariketa eta problema ebaztea, konponbidea igarri eta sortzea. Asmatzea dakigunaren eta ez dakigunaren arteko bide berri, bide guztietako joan-etorriko zubia da: azertatu eta invent.

Batzuetan ez dugu jakiten zertan asmatu dugun eta zertan ez beranduagora arte eta asmatzeko modurik onena ekibokatzea ere izan daiteke sarritan. Asmatzeak eskatzen dizkigu ausardia, irudimena, itxaropena, ziurgabetasuna. Asmatzea posibilitatea besarkatzea da.

Gure lana da asmatzea, bereziki asmatzen ez dugunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.