Yasmine Khris.

Arimarik gabekoak

2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

This is America Youtuben idatziz gero, AEBetako esklabotza, bortizkeria eta armen hutsaltzea salatzen zituen 2006ko bideoklipa lehenesten da. Urte berean, This is Nigeria atera zuen Falz artistak, bertsio egokitua Saheleko herrialdera. Aurrekontu xumeko bideoan, belo urdin eta beltz luzeak gehien gailentzen dira sinbologiaren erdian. Izan ere, Boko Haram talde armatuaren Chibokeko bahiketaren biktimak dira. Duela hamarkada bat, emakume eskola batean sartu zen eta zenbait lagun basora eraman zituen. Oroitzen dut buruzagiak zabaldu zuen bideoa erasoa justifikatuz, baina batez ere, irudietatik harantz, narrazio bat dut buruan honekin lotuta. Girl liburua 2019an argitaratu zuen Edna O’Brien idazle irlandarrak. Ordura arte bere Irlanda tradizional eta arkaikoa deskribatzetik mundu mailan eraginiko izugarrikeria kontatzera pasatu zen. Horretarako, testigantza eta dokumentazio lan handia egin zuen idazleak erdi-fikziozko eleberriari ekiteko. O’Brien joan den astean zendu zen, atzean Irlandako ondare bat utziz —eta baita inbidia sortzen duen prosa ere—. Goodreads aplikazioan sartu naiz, irakurritako liburuen zerrendan jarri ote nuen. 7.486 iruzkin ditu bertan. Ingelesezkoen artean, gaztelaniazko bat azaldu zait, laburra: «Une gogorrak ditu, baina orokorrean, arima falta zaio». Googleatzen dut: «Bahiketa Nigeria». 2022ko uztailetik 2023ko uztailera, gutxienez 3.620 pertsona bahitu dituzte Afrikako herrialderik jendetsuenean. Hori izanen da, arima falta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.