Oihane Puertas ONA

Agurrak

2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Espero baino azkarrago iritsi da abuztuko azken ostirala. Hasierako zalantza eta beldurrak alde batera utzita, heldu da zutabe honi agur esateko unea.

Ez zaizkit agurrak gehiegi gustatzen, eta, egia esan, nahi baino gehiagotan esan dut agur azken egunotan. Agur guztiak, baina, ez dira berdinak izan, eta konturatu naiz agur mota asko daudela. Agur bat izan daiteke laster arte bat: agur esan diezaiokezu norbaiti jakinda laster elkartuko zaretela —bizitza honetan ezer segurua ez den arren—. Agur esan dezakezu agur esaten ari zaren azken aldia dela jakinda, parekoa berriro ikusiko ez duzula jakinda. Eta agur esan dezakezu agurtzen ari zaren horrekin berriro topo egingo duzun jakin gabe.

Beste hamaika agur mota daude, baina aipatutako horiek dira denbora gutxian esan ditudanak. Agur esan diot amari, laster elkar ikusiko dugula jakinda. Agur esan diot 16 urtez bidelagun izan dudan txakurrari, Arlari, berriro laztanduko ez dudala jakinda. Eta gure bideak berriro ere elkar gurutzatuko diren ala ez jakin gabe, agur esaten diot BERRIAri. Edo zutabe honi.

Eta agur esaten ari naizen honetan, esker hitzak baino ez zaizkit etortzen burura. Eskerrak amari, hobeto bizitzen erakusteagatik. Eskerrak Arlari, emandako maitasun guztiagatik. Eta eskerrak BERRIAri, gure bideak lehenengoz gurutzatu zirenetik eskainitako aukerengatik. Konfiantzagatik, irakatsitako guztiagatik eta, batez ere, ezagututako (bide)lagun zoragarriengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.