Yasmine Khris.

10,5 x 14,8

2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

Goiko izkinan, eskuinean, tinbre bat: gaizki itsatsita, mingain gaineko listu geruzak lagunduta, ez bada pegatina. Azpian, izena/abizena/helbidea: askotan, sakelakoaren oharretan gordeta, edo hurbileko bati eskatuta. Ezkerreko altuera osoan, testua: azken eguneko laburpen trinkotua, beheko lerroetako hizki txiki-txikiak, dena sar dadin. Duela pare bat urte oporretako postalak bidaltzeko ohitura hartu nuen berriz, eta erritutzat daukat.

Prozesua hasten da postalaren aukeraketarekin; zuek ere gustu onekoak zarete, eta badakizue gehienak itsusiak direla. Behin duinena erosita, boligrafoarekin armatu, eta... zer idazten da 10,5 x 14,8 zentimetroko azalean? Bospasei pertsonari lan mekanikoa errepikatu arren, saiatzen naiz beti pertsonal egiten, propioa sentiarazteko.

Uda honetan irakurtzen ari naizen Natasha Lunn-en Conversations on Love liburuak hainbat elkarrizketa biltzen ditu, eta Candice Carty-Williams idazlearekin laguntasunaz aritu dira. «Lagun ona izatea, niretzat, maitasuna adieraztea da, denbora ematea, 'maite zaitut' esatea. Erritu txikiek baieztatzen digute laguntasuna inportantea dela», dio Carty-Williamsek.

1869ko urriaren 1ean bidali zen lehenbiziko korrespondenz-karte (korrespondentzia gutuna) Austriako Perg hiritik, eta hurrengo egunean iritsi zen Kirchdorfera. Mezua laburra eta pertsonala zen: bidaltzaileak hartzaileari galdetzen zion ea bisitatu nahi zuen. Izan ere, lehen posta-txartelen helburua kostuak murriztea baino ez zen. Gaur egun, diruaren argudioak ez luke zentzurik izanen: whatsapp baten bidez merke eta arin ateratzen zait, baina nire «maite zaitut»-ak baditu beste neurriak eta beste dimentsio bat.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.