Zaila da igartzea zein izango den bere esanengatik famatutako politikariek oparituko diguten hurrengo alea. Aurrekoa ahaztu baino lehen hurrengoa dator, berebiziko abiaduran, ez dakit nik estrategia berria ez ote den, halako betekada gugan sortu eta sentsibilitatea apurtzeko edo. Edo, beharbada, aurreko astakeria konpondu baino lehenago beste batekin estaltzeko, eta horrela, infiniturantz. Politikari famatu horien artean, Vera kontseilaria dugu, eta berak botatako azkena: mediku-hitzorduetara joaten ez diren gaixoei itxaron zerrendak luzatzearen errua egoztea. Portzentajea eta guzti eman du: ehuneko seia, hori bai, zein ehuna den hori eta sei horren zergatiak azaldu gabe. Baina zenbakiek, badakizue, kutsu zientifikoa dute, eta egia absolutuaren antza handia.
Askotan pentsatu dut lotsa zer den ahaztu beharreko zerbait dela politikari batzuentzat, lanbidearen betebeharra, beste ogibideetan indar fisikoa edo prestakuntza intelektualaren parean jartzen dutela azal lodia. Baina, oraingoan, beste behin, lotsa falta baino gehiago, edo horri gehituta, asmo txarra ikusten diot.
Asko gara itxaron zerrenda horietan gaudenok; ni neu batean nago (sms batekin gogoratuko didate hitzordua, gaixo ona izan nadin, mila esker Vera anderea). Eta gure artean bilatuko dituzte bekatu txikiak, sistemaren kaskartzeari begira ez diezaiogun. «Bekatutik libre dagoenak bota dezala lehenengo harria» esaldiari zentzua irauliz eta kenduz, hain profesionalki menderatzen duten erretorika bihozgabeaz. Bai, iraultzen dute, ze haiek dira harria guri botatzen digutenak, haiek, lotsarik ez dutenak, baina, esan bezala, profesioaren baitan dute lotsa falta.
Gu, aldiz, lotsaren zigorra pairatu beharreko subjektuak gara. Horretan ikusten dut asmo txarra: gaixotasuna, edo langabezia, edo era guztietako egoera zailak pairatzen dituztenak bihurtzea lotsagarri, errudun, azken finean. Apaizek bilatzen zizkiguten orbanak datozkit gogora. Beti aurkitzen ziguten zerbait. Eta ziur nago Vera andereak, eta estiloko kargudun askok, ondo ikasiak dituztela apaizen lezioak.
Pentsatzen jarrita, hurrengo perla ez da igartzen zaila. Bekatu txikien zerrenda hartu eta erruletari eragin.
BIDAIA TXIKIA
'Mea culpa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu