Matxismoari aurre egiten hezkidetzatik

2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Mistoa izan arren, gizonak ardatz nagusitzat hartu eta sexismoa transmititzen du egungo hezkuntza sistemak. Hala, haur eta nerabeek gizonen nagusitasunaren eta emakumeen mendekotasunaren ideiak barneratzen dituzte, eta, hori aldatu ezean, genero-diskriminazioa eta indarkeria matxista ontzat emateko edo/eta eragiteko arriskua dago. Zorionez, bada hori ekiditeko biderik: hezkidetza, hau da, matxismoa, sexismoa eta antzekoak desagerrarazi eta gizon eta emakumeek eskubide, aukera, betebehar, kargu eta beste berberak izan ditzaten lortzea helburu duen hezkuntza-prozesua.

Prozesu hori gauzatzeko, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, sexismoa transmititzeko moduez jabetzea. Eskolari dagokionez, asko dira. Esaterako: zainketarekin eta heziketarekin erlazionatutako edukiak baztertu eta lan-arloan baliagarri direnak lehenesten dira; irakasgaien edukiak modu sexistan tratatzen dira. Izan ere, baztertu egiten dira emakumezko pertsonaiak eta haien ekarpenak; gudei eta ekoizpen moduei ematen zaie garrantzia, baina ez jendarteek bizirauteko behar izaten dituzten zaintzari eta antzekoei. Balioei dagokienez, «maskulinotzat» hartzen direnak lehenesten dira. Hala, ezagutzaren transmisioabultzatu eta arlo afektiboa baztertuegiten da; lehia eta mendekotasun-harremanak sustatzen dira, eta ezlankidetza; lan ordaindua etxeko lanez-ordaindua baino gehiago balioesten da… Ezberdinak dira nesken eta mutilen jokabidearen inguruko itxaropenak ere. Lasaiak, otzanak eta beste izatea espero da neskengandik. Mutilengandik, berriz, independenteak, indartsuak… Hala, tratu ezberdina jasotzen dute. Hain zuzen ere, neskekikoa pasibotasuna eta konformismoa sustatzeko modukoa izaten da, eta mutilekikoa, berriz, independentzia eta indibidualtasuna.

Sexismoa transmititzeko eretaz jabetu eta gero, eskolan horiek ekidin eta parekidetasuna bultzatzeko egin beharreko aldaketak txertatzen hasi beharko litzateke. Edukiei dagokienez, etxeko lanekin, heziketarekin, emozioekin eta antzekoekin zerikusia dutenak landu beharko lirateke, lan-arloan baliagarri izango direnekin batera.

Irakasgaiak modu ez-sexistan irakatsi beharko lirateke, emakumeei, haien ekarpenei, zaintzari, arlo afektiboari eta antzekoei merezi duten tokia eskainiz. Balioei dagokienez, zainketa, afektibitatea, lankidetza eta antzekoak sustatu beharko lirateke.

Azkenik, beharrezkoa litzateke irakasleen portaera ez egotea generoak estereotipatuta. Esaterako, berberak izan beharko lukete irakasleek neska-mutilekiko dituzten itxaropenak eta tratua. Lana ondo egiten ari ote diren jakiteko, erabilgarri suerta dakieke hezitzaileei inbertsioaren araua, hau da, beren buruari galdetzea ea itxaropen, tratu zein bestelako berdinak izango lituzketen baldin eta ikaslea beste sexukoa balitz. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari diren seinale; ezezko erantzunak, berriz, generoak estereotipatuta dagoela adierazten du, eta, ondorioz, aldatu beharrekoa dela.

Eskolaz hitz egin dugu hemen, baina jai dugu bertan hezkidetza sustatu eta familian, komunikabideetan eta, oro har, jendartean sexismoa transmititzen jarraitzen bada. Beraz, arlo guztietan egin behar dira aldaketa sakonak gizon-emakumeen arteko parekidetasuna bultzatu eta, besteak beste, indarkeria matxista desagerrarazteko. Ez dezagun biharko utz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.