Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Martxelo

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Aste honetan berriz elkartu gara orrialde hau sinatzen dugun hiru kazetariok, Donostian. Aurrez aurreko beste Galeusca bat izan da, eta ospakizunez betetako aste honetan egin dugu: hain zuzen, BERRIAren hogeigarren urteurrena ospatu dugu, eta egunkariaren zuzendari aldaketa: Martxelok utzi, eta Amagoia Mujikak hartuko du ardura. Ez daukat zalantzarik BERRIA, Amagoiak gidaturik, gaur egun den bezain egunkari bikaina izango dela aurrerantzean ere, eta segurtasun osoz egingo diela aurre datozen erronkei.

Behin eta berriz esan izan dut: anbizioari, zorroztasunari, taxuari eta kalitateari dagokienez, BERRIA Europako egunkaririk onenetako bat da gaur egun. Eta frogatu du hizkuntza baten hiztun kopurua ez dela inondik ere traba kazetaritza ezin hobea egiteko. Ziur nago aurrerantzean ere hala izango dela. Egunkari handiak ez daude inoiz pertsona bakar baten menpe.

Baina, nolanahi ere, zer nahi duzue esatea? Niri kosta egingo zait ohitzea eta Martxelo ez edukitzea edonoiz honi edo beste horri buruz galdezka, deien eta mezuen bitartez.

Denok goaz adinean aurrera, eta, azkenean, ondo aukeratu behar izaten dugu nor izan dugun irakasle bizitzan, lanbidean. Niretzat, Martxelo Otamendi ezinbestekoa izan da. Bai batean eta bai bestean. Elkarrekin egon gara ilusioz beteriko egunetan, baita ikaragarrizko etsipenez beterikoetan ere. Bai Euskal Herria zela-eta, bai Herrialde Katalanak zirela-eta. Mundua zela-eta. Lanbide honen martxa zela-eta, gauza gutxi maite baititugu kazetaritza bezainbeste. Irakurle guztiek ondo dakitenez, Martxelo adierazpen askatasunaren sinbolo bat da; prentsari eta euskal herriari egiten zaien jazarpen politikoaren sinbolo bat. Horrek erraldoi bihurtzen du. Baina Martxelo hori baino askoz gehiago da.

Asko ikasi dut haren ondoan, baina, batez ere, zintzotasunaz, anbizioaz eta pozaz ikasi dut. Gogoan dut hizketan aritu ginela Al-Qaedak Madrilen atentatua egin zuen goiz izugarri hartan, eta ikaragarri zintzoa izan zela azterketan. Gogoan dut zenbat aldiz azaldu didan, umoretsu, BERRIAko kazetari bat bidali behar zutela Olinpiar Jokoetara eta eskatu ziola lehen lerroan esertzeko eta galderak beste inork baino lehenago egiteko. Egunkari handi bat izateko anbizioa du. Eta eredutzat daukat haren poz etengabea. Beti abaila ederrean hizketan, beti tentsioa baretu nahian, beti prest txantxetan aritzeko.

Martxelo Otamendik egunkari libre bat utzi die euskal herritarrei, gorputz eta arima sortzen lagundu duen egunkari bat. Espero dut orain irakurle gisa gozatuko duela urte askoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.