Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Martxelo, maisu handia

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Donostian idazten ari naiz, BERRIAk gonbidatuta etorri bainaiz, Zuzendarien Galeusca topaketan parte hartzeko. Hain zuzen, euskal hedabide honen hogeigarren urteurreneko ospakizunen abiapuntua izan zen saio hori, eta bertan, Martxelok, irakaskuntzako eta batez ere kazetaritzako maisu horrek, Amagoia Mujikari pasatu zion zuzendari kargua.

Kosta egiten da BERRIAn pentsatzea Martxelo gidaritzan irudikatu gabe, hogei urtez bete-betean aritu baita, eta beste hamar urtez ere izan baitzen Egunkaria-ren zuzendari. Kazetaritza konprometituaren eredu handia izan da: mozalik gabeko kazetaritza egin du, ausarta, abangoardiakoa, autoestimu handikoa, eta beti Euskal Herrian ardaztua. Kontatu zigunez, jakin zuenean Sermos Galiza papereko egunkari bat sortzeko lanean ari zela, hauxe pentsatu zuen: «Galiziar horiek erotuta daude: gero eta egunkari gehiago ixten ari dira, eta haiek, berriz, bat sortzeko asmotan». Baina segituan jarri zen gurekin harremanetan, eta behar genuen guztian laguntzeko prest azaldu zen. Nós Diario-ren sorrerari buruzko informazio guztia BERRIAn zabaltzeko konpromisoa hartu zuen, eta proposatu zigun Zuzendarien Galeusca atala sortzea eta, hala, guk ere parte hartzea Partalen eta bere arteko gutun trukean.

Zintzotasuna eta eskuzabaltasuna hitzak egokitzen zaizkio ondoen Martxelori: bere larruan jasan behar izan zuen Espainiako Estatuaren jazarpena, prentsa eta adierazpen askatasunaren kontrakoa, eta lezio ederra eman zigun duintasunari eta hobetzeko nahiari dagokienez. Ekintza gizona da, eta aurrerantzean ere emango dizkigu aktualitate politiko eta sozialaren gakoak, baina edizioa itxi beharrak dakarren presiorik gabe. Ondo merezia du, papereko euskal egunkari bakarraren giltzarria izan da eta, euskal jendea harro sentiarazten dituen egunkari batena.

Niretzat, ohore handia da astero bi kazetari erraldoirekin batera aritzea orrialde honetan, Martxelorekin eta Vicentekin: Santiagoko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasten ari nintzela izan nuen lehen aldiz haien hedabideen berri, eta orain ere ikasten dut haiengandik. Espero dut ikasten segituko dudala urte askoan, eta eutsiko diogula Whatsappen Martxelok, Vicentek, Assumpciok eta laurok dugun taldeari, orain Amagoia ere sartuta. Hala, hiru komunikabideen arteko sarea ehuntzen segituko dugu, eta, horri esker, galiziarrek zuen nazioetako aktualitatearen berri izango dute, desitxuratzerik gabe.

Urte askoan, Martxelo! Gozatu erretiroaz, baina sentidiño pixka batekin (hau da, aktualitatetik eta gugandik urrundu gabe). Espero dut noizbait gai izango naizela eman diguzun guztia itzultzeko. Eskerrik asko guztiagatik, bihotz-bihotzez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.