Nahiko mistiko jartzen naiz batzuetan, barkatuko didazue, baina nik sinesten dut seinaleetan. Martitzen goiz ezohiko hartan Xabier Amurizaren eta Karlos Ciden Euskadi Irratiko programa harrapatu nuen lehen aldiz kotxean, tunel askoko errepide batean gainera. Ingurukoek hainbeste famatzen zutenez, arreta berezia jarri nahi izan nion nire bafleetatik zatika sartzen ari zen saio hari. Euskara batuaren inguruan ari ziren, Manu Etxezortuk hala proposatuta, beharbada albisteren baten edo zerbaiten urteurrenaren harira. Lehenengo aldia izango zen hiru euskaldun honi buruz berbetan entzuten nituena inork euskalkien defentsa sutsurik egin barik.
Duela gutxi egunkari honetan idatzi duena esan zuen Amurizak orduko hartan ere: euskara batua, euskalkiak eta sukalkiak bereizi behar ditugula alegia, eta bakoitza zein egoeratan erabili behar den jakin. Argi zioen: «Kate nazional bateko hizlariek euskara batua edo gutxienez euskalki jasoa erabili beharko lukete». Iltzatuta geratu zitzaizkidan berbok, batez ere Euskadi Irratian esan zituelako, eta nolabait esatearren, «aldameneko» kate modernoan ez zutelako oso aintzakotzat hartzen baldintza hori.
Harrigarria egin zitzaidan batuarekiko engaiamendua, bai Cidena, bai Amurizarena, nire inguruan hain urria. Arantzazu, Euskaltzaindia, Zuazo, Mitxelena aipatzen zituzten, eraikinagoak nire belaunaldiko askorentzat, hizkuntzaren sinboloak baino. Euskararen arnasgune bateko hiztuna izaki, euskal labelaren jabe sentitu izan naiz sortzez, konpromisorik apenas hartzeke; gure inguruan EGA suspenditzerakoan ere hori esan izan da, gu behintzat euskaraz bizi garela, hori dela inporta duena, egin egiten dugula. Horrek kontsola gaitzake apur baterako, eta ez diot EGA azterketa eredu perfektua denik, baina gehixeago larritu beharko gintuzke gure hizkuntzaren erregistro formala ez menperatzeak. Lea-Artibain ez daukagu hori justifika dezakeen aitzakiarik.
Eta seinaleak zer diren, irratsaio hura entzun eta gutxira deitu zidan Manu Etxezortuk beraiekin kolaboratzeko proposamena egiteko. «Kaixo, Nerea! Nahi zenuke gure tertuliakide izan?», eta nik Amurizaren ahotsa entzuten nuen berearen gainetik «euskara batua edo euskalki jasoa!». «Asteartero elkartuko ginateke Miramonen», eta Amurizak atzetik: «Menperatuko duzu euskara batua edo euskalki jasoa, ezta?». Baietza eman nion Etxezorturi, baina ezetz erantzun beharko nioke Amurizari hori benetan galdetu izan balit. Ustez bikoitza balio zuen labeldun hiztun honek —badakizue, freskura + naturaltasuna— ez zuen sekula ez bizkaiera jasoan, ezta euskara batuan berbarik egin, ezta EGAko azterketan ere.
Kaskoak jarri eta mikrofono hartan euskara batuan berbetan hasi nintzen egunean sentitu nuen ziurgabetasunak haserretu egin ninduen. Nork urrundu du hainbeste gure hizkuntza gugandik? Nork ez du ahaleginik egin gerturatzeko? Zelan liteke nire gaztelerazko edo ingelesezko ni-ak niago sentitzea? Zelan ausartzen gara hizkuntza ez-hegemoniko bat izanda gure erregistro formalari muzin egiten?
«Ez dugu erakutsi nola egin norbere euskaratik euskara batura doan bidea», Joan Mari Torrealdairen berbak dira, egunkari honetan jasoak horiek ere. Eta hasieratik aitortuz askoren «norbere euskara» batua dela, nik esango nuke euskalkidun euskaldunoi ez zaizkigula bide forman ere aurkeztu, bi kaxoi ezberdin direla askorentzat eta hautu bat dela batuaren kaxoia irekitzea edo hortxe uztea, errusierari buruz ariko bagina bezala. Ez gara saiatu geuretzen, ibilian-ibilian moldatzen. Eta gure hizkuntzaren malgutasunean geuk sinesten ez badugu, hiztun berriak engainatzen ari gara.
Ez dut leziorik ematen hasi nahi, nik ere bizkor ahazten dudalako oraindik euskara batua berez erabiltzea legokidakeen zenbait egoeratan. Baina joango da txiklea biguntzen ahoan. Duela gutxi berriro egokitu zaigu gai honetaz aritzea irratian, efemeride batek kotxe barrutik irratiko estudiora teleportatu izan banindu bezala. Seinaleak. Saioaren bukaeran Cidek esandako esaldi kontsolatzailearekin amaituko dut: «Euskara batuak 50 urte baino ez ditu, hori oso gutxi da. Denbora behar du». Eta guk denbora horretan zein konpromiso hartu erabaki behar dugu.
EUSKARA BATUAK 50 URTE
Martitzen goizak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu