Welcome to the culinary nation. Loiuko aireportuan publizitate-horma handiek eman zidaten ongietorria. Hotzikara batek lurreratu ninduen: ingelesa, sukaldaritza eta nazioa mezu berean txirikordaturik. Eusko Jaurlaritzak sinaturik, besteak beste. Horma-irudi argigarri bezain kezkagarria. Beste hotzikara batek irakaskuntza-saio batzuen oihartzuna bizkortu zidan. Ikasleei euskal kultura zer imajinariorekin lotzen duten galdetu, eta azken urteotan nabarmen egin du gora erantzun honek: «sukaldaritza». Ikuskizunaren kulturaren eta turismo-diskurtsoen itzala. Hezkuntzak bestelako kultur imajinarioak errotu eta sustatu ez dituen seinale. Are deigarriagoa da ikasleen artean euskal kulturaren ezagutza eskastu izana, azken urteotako dekretu eta plan ofizialek kultur hezkuntzaren aldeko testuingurua islatzen dute eta (behinik behin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan). Esate baterako, 2016ko Dekretuak, Batxilergoko curriculuma xehatzen duenak, hala dio: «Batxilergoko ikasgaiek euskal kulturaren berariazko dimentsioa txertatuko dute curriculumean». Edo, beste adibide bat ematearren, Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 dokumentuaren 21.b. ebazpenak hala dio: «euskara eta euskal kultura ardatz duen hezkuntza-sistema eleanitz bati lotutako hezkuntza-proposamena koordinatu eta garatu dezala [...] goi-mailako [...] irakaskuntza-zentroetan». Esaldi-multzo horiek dokumentuetan txertatzeaz gain, administrazioak ezer gutxi egin du tamaina horretako erronkari heltzeko: zehar-lerro hori txertatzeko estrategia zehatzik ez da abian jarri, ez da irakaskuntza-materialik sortu, formakuntza-saio berezitu gutxi eskaini dira, eta abar. Antza denez, epe laburrera administrazioek ez dute premia horri heltzeko asmorik.
Jakina, badu horrek guztiak zerikusirik Giza Zientzien bazterketa administratibo orokortuarekin. Baina, bazterketa horrek euskal kulturan areago eragin du, kultur transmisiorako zirkuituak ahulagoak baitira. Beraz, kultur hezkuntzaren auzia lehen lerrora ekartzea ezinbestekoa da, hezkuntzak sustatu beharreko kultur ereduez jarduteko. Kultur hezkuntzari, nire ustez, nortasunaren eraikuntzan, ekintzailetzan eta pentsamendu kritikoan ekarpena egitea dagokio, besteak beste; horretarako, ikuspegi hauetan arakatu behar du: esperientzia estetikoek irudimena sustatzen dute, eta eguneroko ohiturak zein kodeak arrozteko aukera ematen dute; esperientzia pertsonal zein kolektiboak birpentsatzeko eta birkokatzeko leihoak zabaltzen dituzte; mundua nork bere ikuspuntutik izendatzeko baliabideak eskaintzen dituzte; eta abar. Marketinaren kulturak beharbada eredu hori mehatxutzat du.
Marketinaren, ikuskizunaren eta turismoaren kulturak irentsi ez gaitzan, beste kultur eredu baten alde gauden eragileok elkarlanerako guneak sortu behar ditugu, administrazioei eskaera zehatzak egiteko, eta aldi berean, geure artean bidea egin eta curriculum hori egituratzeko baliabide kolektiboak sortzeko (esperientzia eraginkorren bildumak, hezkuntza ez-arautuko kultur eragileen ekarpen arrakastatsuen zabalkundea, formakuntza-saioak, materialak trukatzeko guneak, aholkularitza-sareak, lurralde ezberdinetako hezkuntza-eragileen arteko komunikazio-guneak...). Esaldi-multzo horiek ez daitezen izan marketin huts, estrategia egikaritu baizik.
Marketinaren kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu