Lurraren Gainditze Eguna lehen aldiz 1970eko abenduaren 29an izendatu omen zen. Aurten, aldiz, abuztuaren 2an bete omen da epemuga. Berrehun egun eskasetan xahutu ditugu Lurrak urtebetez birsor ditzakeen baliabide naturalak (ura, elikagaiak, erregaiak...).
Azken urteetako datuei erreparatuz, batez beste 1,75 planeta beharko genituzke gure eskari maila asetzeko. Esan gabe doa noski, herrialdeen artean arrakala izugarria antzematen dela. Gutxiengo batek desorekatzen baitu gehien balantza. Eta bien bitartean, trantsizio berdearen tsunamiari aparra dario Europan.
Euskal Herrian bertan, energia teknologien eta proiektuen neurri eta inpaktuez ari gara eztabaidan, nekazaritza-lur eta baserriak etengabe galtzen ari diren bitartean. Eredu intentsiboa ari da gailentzen naturaren erritmo eta orekaren aurrean. Eta uztak, geroz eta maizago jartzen ditu kolokan muturreko klima aldaketak.
Zorionez, ekaitzaren erdian badira oraindik lurrari lotuta, forma eta egiteko modua aldatzen ari diren proiektuak ere. Duela gutxi, esaterako, Herault ibarrean kokatutako bodega ekologiko txiki batean izan nintzen. Bero sargoriaz mahasti eta belardiak gurutzatzen ari ginela, euren ardoetako batzuk jasotako Mala Coste izenaren berri izan genuen. Dirudienez, garai batean halaxe izendatu zituzten inguruetako lurrak: okerreko aldekoak edo ekoizteko aproposak ez zirenak, nolabait. Gaur egun, ordea, besteak beste, orientazio oker horrexek eskaintzen die berezitasuna ardoei.
Batek daki, guk ere halako abileziaz asmatuko ote dugun orain arteko norabide okerra baliatzen.
ELE
Mala coste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu