lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Maitasun gutunak

2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gaztetan idazten genituen maitasun gutunez jardun nuen atzo lagun batekin, eta haiek gehienetan zeukaten balio eskasaz. Nahi genuen geure premia amodiozkoa asetu, eta ez genekien, ez zer egin, ezta nola egin ere. Eta, orduan, geure irudimen falta ezkutatuz edo, gutuna idatzi eta postontzian uzten genuen. Eta mirari bat gertatu behar zen mezu hark zer edo zer eragin zezan.

Kontu interesgarria da mezuena, edo, bestela esateko, komunikazioarena. Komunikazioa ez baita esan nahi dena bakarrik; komunikazioa da nork esaten duen, nola, eta nori. Eta ea nork horrek entzun nahi duen.

Horretaz ohartu nintzen lehengoan, agerraldi politiko baten hitza hartzeko eskatu zidatenean. Agerraldi hitza entzun orduko, hanka egiteko premia sartzen zait aspaldion. Salbuespenak salbuespen, oso nabaria izaten baita agerraldiaren antolatzailearen desesparazioa. Nahi luke antolatzaileak mezua helarazteko beste modu duinago bat, edo eraginkorragoa; nahi luke airera jaurtitako txanpon bat baino ekimen politiko sendoago bat, baina ez dauka, eta biltzen du jende multzo bat mahai baten atzean, eta prentsari hots egiten dio. Herrigintzaren azken urteotako sindromea da, inork ez dauka errurik. Baina ikustea mahai bat betiko atrezzo estrafalarioarekin, eta haren erdian lagun multzo herabe bat, nora begiratu ez dakiena, hor dagoena axolagabe, galtza motzetan batzuk, eguzki betaurrekoak jantzita besteak, hain piroteknia gutxirekin, ba, nola esan?Atsekabe ikaragarria eragiten dit.

Sinetsita gaude, maitale zapuztuak bezala, gutuna postontzian sartzea keinu halabeharrezkoa dela. Nola neskak ez digun kasurik egiten, nola apenas agurtzen gaituen kaletik doanean, bada idatz ditzagun hitz baldar batzuk, eta egin dezagun azken saiakeratxoa. Geure maitatuak gutuna irakurri nahi badu, bingo, ez badu irakurri nahi, hor konpon. Egin dugu egin beharrekoa.

Lehengo eguneko agerraldian (baiezkoa eman bainuen), bildu ginen mahaiaren atzean 80-100 lagun. Denok geneukan borondate onena. Hartu nuen mikrofonoa, eta hitza hartzekotan nengoenean, hara non deskubritu nuen mahaiaren parean kazetari bakarra ere ez zegoela.

Maitatuaren etxera joan eta gutuna postontzian sartzeko unean hura azaldu izan balitz bezala... alferrik ari nintzela esateko. Bilatzeko beste nonbait maitatuko ninduen norbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.