Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Madrilgo teatroa

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Horra hor nola hutsaltzen duten politika. Horra hor politika itxurakeriatzat hartua, zerbitzu publikoa izan beharrean, herritarren arazoak konpondu eta gizartea aurrera eramateko zerbitzua izan ordez. Horra hor zein den arduradun publikoen alde praktikoa, beren esku dituzten eginkizunetan, eta nola figurante bihurtzen diren, herritarrak nahasarazteko antzerki batean.

Show penagarri horietako bat dugu begien bistan. Ikuskizun horretan, iraina, neurrigabekeria eta ernegazioa dira gidoiaren ardatzak. Tradizio cañí okerreneko komedia bat da, eta horko aktore protagonistak estrak baino ezingo lirateke izan antzerki unibertsaleko lan bikainetan. Beste esperpento bat hiribildu eta gorte horretan, zeina ohitua baitago ingurukoei guztia ostu eta haien bizkar bizitzen. Tragikomedia bat metropoli batean, zeina Mohamed I.ak fundatu baitzuen X. mendean, eta orain fundatzailearen erlijio bereko ahizpak zokoratzen baititu.

Maiatzaren 2ko polemikaz ari natzaizue, Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusoren eta Estatuko Gobernuko Presidentetza ministro Felix Bolañosen artean piztutako ika-mikaz. Ayusoren gobernuaren protokolo zerbitzuek ez zioten utzi Bolañosi agintarien tribunan sartzen, eta Bolaños, berriz, behin eta berriz ahalegindu zen handik edo hemendik sartzen: horra nolakoa den Madrilgo politika. Eta eredu horixe zabaldu nahi dute estatu guztira Espainiako hiriburuko komunikabideek, 1978ko erregimenaren bipartidismoan; lehen ere ezarri zuten bipartidismoa Canovasek asmatutako I. Errestaurazio hartan, baita Valle-Inclanek barregarri utzi ere antzezlanetan, bere sisipasa galegoa behin ere ezkutatu gabe.

Madrilgo politikariek lehendik ere ohikoak zituzten ernegazioa, giro garratza eta argalkeria intelektuala, Diaz Ayuso musatzat hartu duen trumpismo espainola sortu aurretik ere. Giro hori bera salatu zuen Daniel Castelaok, 1936ko uztaila iritsi baino hilabete batzuk lehenago: "Madrilgo politikari eta aberatsek gerra ekarriko digute beren ergelkeriaz". Eta giro horretaz beraz ohartarazi zuten Jose Antonio Agirrek eta Eli Gallastegi izeneko independentista goiztiar hark Euskadin, eta Macia presidenteak Katalunian 20ko hamarkadan. Hortxe daukagu betiko Madril hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.