Leire Bilbaori irakurri diot: «Etxean igeri egiteko etxea izan behar da / norbere urak eta norbere itomenak». Poemak ur-aztia ekarri dit gomutara.
Oroitzapenak 40 urte pasatxo ditu. Larrain zaharrean gara, txikia da alorra. Aita zenak, osaba Emilio tarteko, ur-bilatzailea ekarri du. Hurritza eskuan urrats sendoak egiten, Mattin Trekuren teknika darabil. Halako batean alorraren erdialdean geratu eta honela esan digu: «Hemen emaria sumatzen dut».
Gure eskualdean lurpeko ura bilatzeko sukarra piztu zen 1980ko hamarkadaren hasieran. Argia zen afera: Espainiako Gobernuak laster indarrean jarriko zuen lur azpiko uren erabilera arautzeko lege berria, 1879koa indargabetuko zuena.
Lurra zulatzeak bazuen bere kostua, baina saria ez zen nolanahikoa: urte osoan ur freskoa eta garbia etxean bertan, eta doan. Esaterako, gure larrainetik ehun bat metrora, itsaso bat bilduta zeukan auzokide batek. Hamalau koadroko pilotaleku baten pean ur-tanga erraldoia, etxean igeri egiteko lain, eta oro ezkutuan. Ur hori lurrari erauzia zen, eta batzuen aburuz ur-zerbitzu publikoari ebatsia.
Aipatu legea 1985eko abuztuan jarri zuten indarrean. Ordurako ur erauzketak biderkatuak ziren.
Aitak zulatzea baztertu zuen. Aspalditik dugu ur-zerbitzua larrainen bertan, kontagailua eta guzti. Egun ere, lurpeko ur-baliabideen gehiegizko ustiatzea ezkutuan gertatzen da; ondorioak, beraz, agerikoak dira.
Aste honetan, ur-ebaslearen afera dela-eta, Amaia Ezpeldoiren deia jaso dut. Zelatariak zelatatzeko maneraz mintzatu gara. Atharratzeko mendi idorretan laketu zenetik euri zitalari esker bizi da Joana Garraldarekin. Ez du hona etortzeko asmorik.
![Patxi Larrion Galdeano. Patxi Larrion Galdeano.](https://www.berria.eus/uploads/s1/30/09/54/patxi-larrion-galdeano.png)
ELE
Lurpeko urak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu