LOMCEren aurrean Kristau Eskola

Mikel Ormazabal.
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Bistakoa dugu Madrileko gobernu aldi bakoitzak bere hezkuntza-legea ezarri nahi digula, oinarrizkoak eta gutxienekoak izango liratekeen arauak adostu beharrean. Bistakoa dugu ere, tamalez, botere publikoak indar handia duela ezarri nahi duena betetzera behartzeko. Ez dira alferrikakoak, titulu akademiko ofizialak eskuratzeko, ipintzen dituen probak eta bestelako kontrolak. Hezkuntzaren onerako baliatu ordez, interes politikoen zerbitzuan jarriak dira.

Ezegonkortasuna eta urduritasunaren aurrean, egonkortasuna eta sendotasuna eskaini behar dizkiogu gure gizarteari Euskal Hezkuntza Sistemaren nortasun propioaren alde egiten ari garen bideari jarraipena emanez. Hainbeste lege aldaketek eragiten duten suntsiketaren aurrean, eraikuntza lanari are eta gogorrago eutsi behar diogu, gure balioetatik abiatuta, legea baino haratago dagoen pertsonaren garapena aintzat hartuta.

XXI. mendeari dagokion hezkuntza-eskaera soziala, gurasoena eta enpresena, kontuan hartuko balute, eduki kontzeptual eta informazio hutsaren gaineko estrategiek ez dutela ezertarako balio, gaur egun, jabetuko lirateke. Baina, haurra eta gaztea, alegia, ikaslea, eta haren garapen integrala benetan aintzat hartuko balituzte, Euskal Curriculumean adostu genuen bezala, LOMCE lekuz kanpo dagoela errazago ikusiko lukete eta bestelako hezkuntza-politika egiten hasiko lirateke.

Kristau Eskolak kristau hezkuntza du xede eta zio. Eta Euskal Herrian Euskal Curriculumean bildu ginenok oinarrizko eta komuna dugun curriculuma partekatu genuen. Finean, haurra, gaztea, ikaslea ipini genuen gure hezkuntza-jardunaren erdian, eta curriculuma, konpetentzietan oinarrituriko curriculuma, eskolaldia amaitzeko garaian ikaslearen irteera-profilari begira dagoen curriculuma, pertsona eta haren ontasuna garatu nahi duena, hain zuzen, baliatu genuen adostutako lan tresna gisa.

Euskal eragileen artean eraiki dugun sistemaren bereizgarriak sendotzeko apustua berritzeko garaia da, autokonplazentzia urrunduz eta bikaintasunera bidean urratsak eginez. Legezko markoaren barruan gure hezkuntza egitasmoari indarra ematen dioten elementu propio horiek ere landu daitezke. Denon artean bilatu behar ditugu ikaslearen garapen osoa gure erara lantzea ahalbidetzen dituzten bideak.

Azken hogeita hamar urteetan euskal hezkuntza eragileen arteko elkarlanari esker, sistema propio bat eraiki dugu, eta emaitzak, hobetu egin behar baditugu ere, onak izan dira. Bide horretatik jarraitu behar dugu, euskal gizartearen hezkuntza beharrak asetzeko. Uste dugu Eusko Jaurlaritzak sustatu nahi duen Heziberri 2020 egitasmoak eta euskal curriculumaren garapenak aurrera pausoak ekar ditzaketela norabide horretan.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 proposamena eskaini digunean, poztu egin gara, LOMCE atzean utzi eta, bestelako suziri eztandatsu eta artifizialen gainetik, eraikitzeko gogoa eta jarduna planteatzen duen egitasmo bat ikusi dugulako. Pankarten garaia joan da, eguneroko eraikuntza-lana baino protesta hezitzaileagorik ez baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.