Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Lokizko gandorrak

2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Egunsentian zeru garbia denean, ekiak arrosa kolorez margotzen ditu Lokizko mendilerroaren kareharrizko haitzak. Hilabete igaro dut herrian, eta goizaldean etxe paretik hirutan bakarrik ikusi dut Lokizko hormetan begi arrosa.

Gandorra nagusitu da ia egun guztiz mendilerroaren kareharrizko haitzetan. Foehn efektuak dakar gandorra, klimaren muga ezartzen du kokardak: Ameskoa, hezea; Ega eta Allin ibarrak, idorrak. Beste kontu bat da Lana harana.

Lokiz Urbasaren ahaide txikia izan da beti, lehorragoa inondik ere. Urbasak du fama, ura dario izenari, baina Lokizko Itxako da Lizarra eta Estellerriaren puska handi bat urez hornitzen dituen akuiferoa. Lana Berasain jaunak dioen gisara, mendi gobernatua da Lokiz.

Gazteak ginenean, sai arrea zen nagusi, baina gu sai zuriaren gandorrak liluratzen gintuen. Urbasako Labirugi hobesten genuen harrapariaren hegaldia zelatatzeko, Munetako lehengusuari entzun genion arte Lokiz zela putreen paradisua. Haren eskutik ezagutu genuen San Prudentzioko begia: zulo bat haitzean, talaia aparta harraparien hegaldiaz gozatzeko, Lizarraldea gobernatzeko.

Lehengusuaren aholkua gogoan, Gauzatik abiatu gara Lokiz igotzeko. Zologorriko sakanan sartzean, zaputza, udazken arte ezin bertatik bertara begiaz gozatu. Katalogatutako espezieen ugalketa dela eta, udazken arte ezin da bisitatu. Kartelak argi adierazten du: «Salatuak izan zintezkete». Testua euskaraz ere paratu izanak desilusioa arindu digu. Lokizko begian laketzen omen dira sai zuri kokardunak. Bi gandor batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.