Bestela esan izan bada ere, Interneten garabideak ez du zertan ekarri liburutegiaren bukaera. Are gehiago: aukerak ondo baliatzen jakinez gero, indarberritzeko modua ere emango dio. Bibliotekak zer zerbitzu eman behar dio gaur egun gizarteari?
Lehenbiziko zerbitzua, hauxe: dokumentu mota guztiak landu eta gordetzea, hala nola liburuak, aldizkariak, ikus-entzunezkoak eta abar. Berrikuntzarik handiena zera da, orain bilduma horietan dokumentu fisikoak ez ezik dokumentu digitalak ere gorde behar dituela, Internet bidez eskura daitezkeenak. Informazioa ematen duten beste hornitzaile batzuen aldean, liburutegietako bildumek kalitate bermea dute, pasatua baitute aldez aurreko hautaketa baten galbahea. Bilduma mota asko daude, baina bereziki garrantzizkoak dira tokian tokiko kultura jasotzen dutenak: askotan, liburutegia da instituzio bakarra toki jakin horretako historiaz, arteaz, gastronomiaz, folkoreaz eta abarrez informazioa gordetzen duena.
Liburutegiek modua egin behar dute kultura eta informazioa denei helarazteko eta herritarren aisialdian laguntzeko. Horretarako, zenbait zerbitzu eskaini behar dituzte: lokaletan bertan dokumentuak kontsultatzeko aukera eman behar dute, maileguak eta informazio zerbitzuak eman, eta kultur jarduerak antolatu, esaterako.
Liburutegiek beren alea jarri behar dute herritarrak hezteko, bai ikastetxeekin elkarlanean arituz, bai «bizi guztirako» heziketa bat eskainiz irakaskuntza araututik kanpo ari direnei. Herritar guztiek jo dezakete liburutegira, beren kultura eta heziketa aberasten segitzeko. Horretarako, liburutegiak bere burua sustatu eta ezagutarazi behar du, eta erabiltzaile gehiago erakarriko dituzten jarduerak antolatu. Informazioa funtsezkoa den mundu batean, erabiltzaileei laguntza eman behar die gai izan daitezen informazioa bilatu, aztertu eta erabiltzeko. Zehazkiago, liburutegia garrantzizkoa da erabiltzaileak trebatu daitezen ordenagailuak eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiltzen.
Liburutegiek ezingo dute halako zerbitzurik eman, ordea, baliabiderik eta profesional trebaturik izan ezean. Administrazioek jabetu beharra daukate horretaz, eta bitartekoak eman behar dizkiete.
Bestalde, liburutegi sistema eraginkorrak prestatu behar dituzte administrazioek, elkarlanean; sistema horietan, liburutegi mota bakoitzak modua izan behar luke erabiltzaile batzuen edo besteen zerbitzuan espezializatzeko, eta eginkizun desberdinak izateko kulturaren eta informazioaren kontserbazioan eta zabalkundean: biblioteka nazionalek eta eskualdeetakoek lurralde osoko kultura gordetzeko erantzukizuna izan behar dute, eta zerbitzu espezializatuak eman, batez ere ikertzaileei; unibertsitateetako liburutegiek, berriz, irakaskuntza eta ikerketa bultzatu behar dituzte, eta unibertsitate komunitatearen zerbitzuan jardun, nagusiki; eskoletako liburutegiek babesa eman behar diote unibertsitatetik beherako irakaskuntzari; liburutegi publikoek den-denei eman behar diete zerbitzua, salbuespenik gabe, inor diskriminatu gabe, edozein dela ere gizarte taldea, erlijioa, sexua, adina eta bizilekua; liburutegi espezializatuek, azkenik, dagokien erakundeko kideen zerbitzuan aritu behar dute (museoak, artxiboak, eta abar).
(Erredakzioan itzulia)
Liburutegia, instituzio zaharkitu bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu