Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Lesbianak

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan, Martxelo eta Maria, gogoan ditudan polemika surrealistenetako bat izan dugu. Palmako Pride Week-en aurkezpenean hasi zen dena. Hain zuzen, ekitaldi horretan aste horren antolatzaile Kristin Hansen-ek egindako zenbait adierazpenek harridura eragin zuten, arrunt arrazoizkoa denez. Andre hori, zeinek ia hogei urte baitaramatza Mallorcan eta ez baitaki tutik ere katalanez, ausartu zen erratera harrotasunaren astea garrantzitsua dela zergatik-eta «landa eremuko jendea etorriko baita, sekula lesbianarik ikusi ez duena, eta erranen baitu: 'Hara! Lesbiana bat! Bertze edozein pertsona bezalakoa da eta!'». Eta, badaezpada, gaizki ulerturik izan ez zedin, hauxe gehitu zuen: «Garrantzitsua da, aski baita uhartearen barnealderantz 15 kilometro egitea ikusteko jendeak bertze pentsaera bat duela han».

Pentsatzen dut irudika dezakezuela zer-nolako zalaparta sortu zen. Esaldia bera, eta gordetzen duen kontzeptua, desegokiak ez ezik, amorragarriak ere badira. Eta, horrez gain, XXI. mendean ia existitu ezinezkoa dirudien pentsaera probintziano eta elitista baten erakusgarri dira. Nolatan pentsa dezake zentzu pixka bat duen edonork Manacorko, Sa Poblako, Pollençako edo Andratxeko norbait harritu eginen dela lesbiana bat ikustean? Hori da hori bizi zaren lekuko errealitatea inondik ere ez ezagutzea. Eta hori da hori errealitateari ez ikusi egitea. Alemanian baino hagitzez lehenago bide eman zitzaien Mallorcan homosexualen arteko ezkontzei, eta, uhartean, are aspaldikoagoa da edozein gisatako maitasun harremanak normaltzat hartzeko joera. Andre horrek hogei urte daramatza gurean bizitzen, eta, hala ere, oraindik ez da konturatu horretaz?

Ez sinestekoa da, baina polemikak astebete iraun du, harik eta ortzegunean Palmako alkateak erabaki zuen arte Pride Week bertan behera uztea jende anitz solastatua zen jada ekitaldiaren aurka, haren edukiak komertzialak zirelako batez ere, bai eta Sonia Vivas Podemoseko zinegotzia kargutik kentzea ere, harena baitzen zentzugabekeria horren erantzukizun politikoa. Hori egitea deliberatu zuen alkateak, ikusi baitzuen hamaika eragilek gaitzetsi zutela gertatutakoa, hala nola uharteko LGTBI talde nagusiek, Ben Amics barne. Ongi bukatu da afera, beraz, eta horrek balio du. Baina nola lotsarazi gaituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.