Lehia anitz, botere guti

2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Egia erran behar da: departamenduko hauteskunde horiek botere guti banatuko dute, eta, egia osoa azaltzeko, beharbada uste baino gutiago, Estatuak ez baitu oraindik erran noraino joanen den departamenduen erreforma. Bideak mantendu, laguntza sozialak banatu, baina Estatuak emanik arauen arabera, ez da arras urrunago joanen departamenduko kontseilari berrien boterea.

Baina horretaz gose dira indar politikoak, eta apetituak ireki ditu eskrutinioak, zeren ikusia da egiazko sondeo bat bezala. Eta Pariseko atentatuengatik, bizi politikoa lokartu dena, orain bakarrik pizten da: kanpaina biziki laburra izanen da, bost astekoa bakarrik.

EH Bai, ezkerreko abertzaleentzat mementoa da joan den martxoan herriko bozetan lortu duten emendatzearen konfirmatzea. Zenbat tokitan, beren lehen indar politikoaren tokia baieztatu beharko dute. Euskal Mendia eskualdean, Amikuze-Oztibarren, baina ere Baigura-Mondarrain edo Errobi aldean, seguruenik ez bada lehen, bigarren izateko parada izanen dute. Boz kopuru horrek inportantzia berezi bat izanen du, Frantziako lurraldetasun antolaketa berriari buruz Parlamentuan NOTRe legea Errepublikako Lurralde eztabaidatzen delarik (Nouvelle Organisation Territoriale de la République-Errepublikako Lurraldetasun Antolaketa Berria). Ondorio zuzen batekin: egiazko ezagupen bat Iparraldeko lurraldetasunarentzat.

Eskuinean, zentro-eskuina eta liberalak; hitz batez, UMP eta UDI artean, Forces 64 barneratuz, batasuna egitea entseatu dute lehen itzulitik abiatuz. Ondorioa: zart egin du entseguak, toki guzietan ahantsu, bederen eskuineko bi hautagaitza kontatzen dira. Lehia desberdinak badira horren inguruan, hasiz, eskuineko lehen indar politikoaren tokia, departamenduan. Miarritzen, sarraski baten irudia du boz horrek: lau bikote aurkezten dira Max Brissonen kontra. UMPko arduradun historikoak, postu hori galduz gero, biluzirik geldituko litzateke, eta indarrik gabe bere partidua zuzentzeko.

Baina Miarritzen —Baionanbezala—, barrandan dago Fronte Nazional eskuin muturra: 658 boz (%5) herriko bozetan 2014ko martxoan. 1.365 boz (%15), hiru hilabete berantago Europako bozetan. Pariseko atentatuek eta sortu duten giro beldurgarriak bere rola betetzen badute, arriskua litzateke, zenbat zonaldetan, eskuin muturra izatea egiazko arbitroa.

Zeren azken hilabete hauetan, zafraldi besterik ez du bildu alderdi sozialistak. Hautu bat egin izan behar du gobernamendu homogeneo bat lortzeko, eta trenkatu du zentro-eskuinaren alde, Manuel Valls eta François Macron izendaturik. Ainitz, traizionatuak bezala sentitzen dira ikusiz lehendakariak egin zituen promesak, eta mendekatzen dira boz ontzietan: gora doaz ekologistak eta ezkerreko frontea, baina horrek ez du konpentsatzen sozialisten galtzea. Eta bi indar horiek erabaki dute, mementoko bederen, aliantzarik ez egitea. Sozialistek, haatik, beti sinesten dute posible dutela gehiengoa atxikitzea departamendu honetan. Hala balitz, seguruenik, galtzaileen garaipen bat litzateke: proiekzioek erakusten dute sozialistek irabazten ahal dutela, bakarrik Front National bigarren itzulian matentzen bada, hiruren arteko konfrontazio batentzat, UMP-UDI eta PSekin. Garaipen horren prezioa: eskuin demokratikoaren ahulezia, eta eskuin muturraren marea gora.

Sobera erraz litzateke hitzordu hori historiko izendatzea. Ez baldin bada lurrikara politikorik ematen aldi honetan, dudarik gabe, plaken tektonika zalutzen ari da Iparraldeko mapa politikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.