Astero uraren kolorea aldatzen zitzaion erreka bat daukan herribatekoa naiz, Maria, paper lantegi asko baitzeuden erreka horren eta bere ibaiadarren inguruetan. Bagenekien une oro zer koloretako papera ari ziren lantzen lantegietan: gorria, urdina, berdea...Kolore paleta osoa erakusten zuen errekak.
Aste honetan ezagutu dugu Espainiako Auzitegi Gorenak, aurrez Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia indargabetuz, baimena eman diola Ence paper lantegiari 2073 bitartean Pontevedrako itsasadarra kutsatzen segitzeko. Ence enpresa ukiezinaren kokapen arriskugarri horren aurka agertu dira Galizian sentsibilitate ekologikoa daukaten elkarte eta herri erakundeak. Nòs Diario-n, Maria,zorrotz jorratu duzue gaia. Ia lortu zenuten denon artean epaileek mugiaraztea Ence orain daukan kokapenetik. Ez zaizkizue, ez zaizkigu, faltako kausa justuak lanean segitzeko.
Vicent, galegoek haien erreka garbien alde erakutsitako kemenaren parekoa da —Vilaweb-en irakurrita jakin dugu— Bartzelonako Via Layetanan Espainiako Polizia Nazionalak daukan komisarian frankismoan torturatutako herritarrena. Lagun katalan batek Kataluniako Intxaurrondo esaten dio oraindik, noiz arte?, zabalik dagoen polizia etxe horri.
Espainiako Gorteetan onartu berri den Memoria Demokratikoaren Legea baliatuta, salaketa jarri zuen duela gutxi Bartzelonako epaitegian Poliziak 1970eko hamarkadan torturatutako Carles Vallejo sindikalistak. Salaketaren tramitea hasita dago Bartzelonako auzitegian, epaileak hartu baitio deklarazioa torturatuari.
Gertutik aztertu beharko dugu salaketa horrek zer bide egiten duen, lege horretan oinarrituta egiten den aurrenekoa delako, eta Vallejok bezala torturak jasan zituztenei nondik jo erakuts diezaiekeelako. Bidea luzea izatea ez da arazo izango, benetako arazoa biderik ez egotea izaten delako horrelakoetan.
Beti dago lehen urrats bat, askotan oso gutxik egiten dutena, eta gero milakak segitzen dutena.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Lehen urratsaren garrantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu