Le Pen eta Trump bi muturretan

2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Trumpen garaipena aurregaraipen gisa hartu du Fronte Nazionalak, eta ez txantxetan, ikusita Frantziako hedabide gehienek ere hala izan litekeelako hipotesia azaldu dutela. Hipotesi hori Trumpek eta Le Penek ukan luketen hurbilketan datza, baina kasu gehienetan bi errealitate ezberdinen isla besterik ez dira.

Funtsean sartu baino lehen, diskurtsora lotzen bagara, estilo eta estrategia ezberdinetan sartuta daude bi politikariak. Trumpek bere kanpaina osoa alderdi errepublikanotik at eraman du, ez bada askotan alderdikideen aurka. Diskurtsoa bortizkeria eta basakerietan oinarritu du. Diskurtsoa leundu edo aurreprestatuta eramaten zuelarik, inkestetan behera egiten zuen, eta horrek guztiz konbentzitu zuen bere izaera aske utzi behar zuela Washingtoneko spin doctors errepublikanoez. Trumpek ondo sentitu zuen AEBetako biztanle herrikoienak jendartea bitan zatitzen zutela modu populista batean, gutxiengo nagusi bat gehiengo morroi baten aurka ekiten zuena. Finean, Trump, Occupy Wall Street eta Bernie Sandersen fenomenoak sintoma bakar baten isla dira bi modu antagonikotan azalduak. Alde progresistak ez bezala, Trump bere aldea aspalditik lantzen hasia zen. Alderdirik eta egitura instituzionalik ez zuen, baina hamar urtez telebista emankizun propioa izan zuen The Apprentice-rekin. Emankizun herrikoi horrek alderdi batek baino ezagupen eta lotura herrikoi handiagoa ematen dio senatari edo ordezkari ganberako kidea izateak baino. Hala, bertan bere burua ezagutarazi eta lotura sentsible bat sortu zuen Amerikako herri «zuri» sozial desklasetuenean.

Le Penen dinamika aurkakoa da, alderdi baten emaitza klasiko bat da. Hamar urte baino gehiago daramatza politikan. Aitaren oinordekoa izanda, bere estrategia publikoa Trumpen aurkakoa da, bere diskurtsoa leundu nahian dabil ahalik eta gehien; bere inguruan frantses eliteko kideak erakartzen saiatzen da F. Philippot-en antzera.

Hala, beraien sigi-sagetan elkartzen dira bi politikari hauek. Beraien bi programa ekonomikoak oso kontrajarriak dira. Trumpek liberalismoa (zerga jaitsiera azkar bat proposatzen du enpresa eta aberatsentzat, bankuen erreforma ukatzen du...) eta zaintza ekonomikoa (berrindustrializazioa eta inportazioen zergapetzea) aldarrikatzen ditu bere programetan. Era berean, NAFTA eta TTIP akordioak birnegoziatu edo zapuztu nahi ditu, Estatu Batuen subiranotasuna berreskuratzeko asmoz. Beste alde batetik, inbertsio publiko programa sakon bat dauka (arlo militarrean eta azpiegituretan). Hau da, liberalismo klasiko eta keynesianismo pribatizatu baten aldekoa da Trump, estatuaren defizita handituz. Le Penek, diskurtsoan, azalean, proposamen ekonomiko interbentzionistak aldarrikatzen ditu, nahiz eta bere politika publikoak neoliberalak izan kudeatzen dituen administrazio lokaletan (zerga jaitsierak inbertsio publikoaren murrizteak, laguntza sozialak eta kulturalen ezabatzeak...). Finean, Le Penenaldarrikapen fetitxea EBtik eta eurotik ateratzeko aldarrikapena da, horren planifikazioa sekula eman gabe.

Trump eta Le Penen kandidaturak tokiko erroetan sakontzen dira, eta ez Huffington Post-ek zioen bezala, olatu kontserbadore global batean, hain dira ezberdinak beraien base ideologikoak. Zerbaiten sintoma badira, sozialdemokrazia eta progresisten porrota eta ezin berritzearen isla dira Bernie Sanders, J. Corbyn, Podemos, Syriza... nahi eta gogo baten ilusioak badira, argi dago aldaketaren estrategiatik oso urrun kokatzen direla, beraien garapena ikusterik ez bada. Populismo eskuindarraren garaipena populismo ezkertiarraren porrota besterik ez da bere estrategietan eta pentsamenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.