Gogoratzen Ibarretxeren kontsultaren bi galderak? Lehendakariak berak azpimarratu zuenez, 45 segundo behar ziren irakurtzeko: lehenengoan, ETAk indarkeria uzteko borondatea izanez gero elkarrizketa prozesua bultzatzearekin ados ote geunden galdetzen zuen; eta bigarrenean, euskal alderdiek erabakitzeko eskubideaz negoziazio prozesua ekitearekin konforme al geunden. Legez kanpokoa dena, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuenez. Akabo pelikula.
Lau segundo behar dira Alec Salmondek proposatutako galdera presarik gabe irakurtzeko: «Ados al zaude Eskozia herrialde independentea izatearekin»? Eztabaidarik ez da falta. Londresko eta Edinburgoko gobernuak ados egotetik oso urruti daude. Eskumenak handitzeari buruzko bigarren galdera egiteko aukera ere mahai gainean dago —lau segundo baino gehixeago beharko dira irakurtzeko—. Baina, desadostasunak gorabehera, Eskoziakoak ez du hemengoa bezala bukatzeko itxurarik.
Zer du Salmondek Ibarretxek ez zuenik?
Begi bistakoa da. Aldea dago, aldea dagoenez, Erresuma Batuaren eta Espainiaren artean, legeei, agintariei, hedabideei nahiz iritzi publikoari dagokienez. Funtsean, eskoziarrei beren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea aitortzen diete gainerako britainiarrek. Pentsa, ingelesen eta galesen artean asko Eskoziaren independentziaren alde daude: zer inkesta hartzen duzun, %30 eta %40 artean. Beste alde nagusi bat: eskoziarrek Eskoziatzat duten lurralde osoan du eskumena Salmonden gobernuak; alegia, Eskoziak ez du gurearen pareko lurraldetasun arazorik. Eta ezberdintasun koiunturalagoa, hemen erremedio errazagoa izan dezakeena: Salmondek mugimendu abertzale osoa du atzean, edo hala ematen du behintzat hemendik begiratuta; SNP da Eskoziako parlamentuan ordezkaritza duen indar abertzale bakarra, eta gehiengo osoa du (68 ordezkari, 129 kideko ganberan). Horrela, bai.
Bada zer ikasi Eskozian, eta izango da zer ikusi eta ikasi, 2014 bitartean (eta ondoren). Quebec dator gogora. 1980an egin zuten lehen ahalegina: alde handiarekin irabazi zuten unionistek (%60 ezezko, %40 baiezko). Eta 1995ean bigarrena: ia bost milioi boto-emaile, eta 54.000 botok erabaki zuten pilota sarearen zer aldeetara erori (%50,58 ezezko, %49,42 baiezko). Porrota gorabehera, erabaki eskubidea aldarrikatzen duten estaturik gabeko nazioentzat erreferentzia izan da urtetan Quebec, bereziki Kanadako Gorte Gorenak erabaki eskubidea gauzatzeko irizpideez 1998an plazaratutako ebazpena: galdera argia, gehiengo argia eta, baiezkoa nagusituz gero, Estatuak sezesioa negoziatzeko betebeharra.
Eskozian ere zail daukate. Inkesten arabera, alde txikiarekin baina gutxiengoa dira independentziazaleak. Azken emaitza da garrantzitsuena eskoziarrentzat: independente bilakatzea edo Erresuman jarraitzea. Baina kanpotik begiratuta, eredua bera izan daiteke garrantzitsuena, Europako Batasuneko estaturik indartsuenetako baten barruko nazio batek galdera horri erantzuteko eskubidea izatea, Europako Batasunaren eta Nazio Batuen bedeinkazioarekin.
Zaldieroak zerbait susmatu zuen, estatutu berrien eta kontsulten garai gatazkatsu haietan lehendakariari Braveheart-en gona eskoziarra jantzarazi zionean, logelako ohean zutik, ezpata airean, desafioka ari zenean (eta emaztea atearen beste aldean, ate-joka, ondo al zegoen galdezka). 2014rako falta da oraindik, eta erreferenduma egin arte etxafuegorik ez bota badaezpada ere, baina ematen du Braveheart hau ez dela etxeko logelan ezpata astintzen marrazteko modukoa.
Handik eta hemendik
Lau segundu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu