Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Zuzenean

2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Aroari so eginik, ez du iduri uda denik. Egutegiari behako bat emanez, bai: gaur arratsean hasiko baita Euskal Herria Zuzenean festibala!

Gezurra dirudi 17 urte pasatu direla lehen edizio hartarik. Zenbat oroitzapen, zenbat lan eta zenbat besta! Gazte garaiko oroitzapenak maiz onak izaten dira, baina EHZren hastapenekoak bereziki: nola ahantz Jose Ripiauren kontzertu hura, belarretan, publiko artean... Parkinetan edo komun garbiketan pasatutako oren luzeak ere gozagarri.

Musika festibal guti ziren garai hartan, pario erraldoia egin zen Arrosako zolan, kantuz zirimolan. Nahiz eta telebistan, kasik bi hamarkada geroago, ez gaituzten modan. Ehunka boluntario, ezagun eta ezezagun goiz eta gauez lanean. Herri tipi bat, festibal handi baten atzean, arditegi bateko bihotz taupaden erritmoan .

Zortzi urtez Arrosan, bost urtez Idauze-Mendin eta laur urtez Heletan izan ondoren, Lekornera doa hiru eguneko festibala. Antolaketan izatetik, beste hainbat urtez esku kolpe bat eman ondoren, orain ikusle gisa gozatzera; egun lagunekin, igandean familian. Belaunaldiz belaunaldi, gazteriak lekukoa hartzen duen poztasunaz eta ondorengoak izanen direlako segurtasunaz.

Barnealdearen garapena, beste mundu bat posible dela, euskara eta euskal kulturari kanpotik ematen zaion irudi itxi eta zaharkitua uxatu nahian, urtez urte. Kulturaren aniztasuna defendatuz, multinazionalen eta haien musika uniformizatzailearen aitzinean xutik eta tinko.

Asteburu bakar batez bada ere, musika, kantu eta eztabaidez osatutako programa oparoarekin, SMS lehorrek edo ordenagailuz bidalitako mezu prefabrikatuek gaina hartu diguten honetan, parez pare komunikatzeko parada goxoa. Suprefet su-emaile, kokolokeria eta gaineratekoak istant batez ahanzteko beta. Astelehenean errealitatera itzuli aitzin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.