Ander Perez Argote
LARREPETIT

Zulo bat oskolean

2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Donostiarako joan-etorri azkar batean ikusi duzu, asteon, Maite Alberdiren La memoria infinita dokumental zoragarria. Augusto Gongora kazetari eta Paulina Urrutia aktore txiletarrak dira protagonista. Maitale, ezkontide eta bidelagun dira. Gongora alzheimerrak jota dago, eta Urrutiak oroitzen laguntzen du, maitekiro eta goxo gehienetan, etsipenari eta frustrazioari harramazka beste batzuetan. Oroitzapenen bilaketa baten erretratu samur eta aldi berean gogorra da dokumentala. Baina badu memoriak bigarren geruza bat pelikula honetan. Izan ere, Pinocheten diktadurako testigantzak biltzeagatik izan zen kazetari gisa ezaguna Gongora, memoria berreskuratzen egindako lanagatik. Paradoxa ederragorik egon ote litekeen: Txile. Galdutako memoria, hala du izena haren libururik ezagunenak.

Une batean, memoria historikoaz ari dela, gertatutakoa biltzeak iraganarekin baino etorkizunarekin zerikusi gehiago duela aipatzen du pelikulak. Iragana ulertzeko baino, etorkizunari begira libratzeko balio duela, geroa ederragoa izan dadin. Edo halako zerbait. Horretan pentsatzen gelditu zara aretotik ateratzerakoan.

Zuk ere baieztatu izan duzu hori behin baino gehiagotan, memoria kolektiboaz ari zinela. Orain, ordea, duda duzu berdin gertatzen ote den norbanakoaren memoriarekin. Zure buruari galdetu diozu noraino diren askatzaile iragandako uneen oroitzapenak, edo noraino lotzen zaituzten etorkizunari begira. Zuk ere nahastu duzu sarri oroitzapena nostalgiarekin, eta preso sentitu. Zuri ere esan dizute «ahaztuko duzu», baina nahiago izan duzu oroitu. Eta sentitu duzu oroitzapen bat bestearen gainean metatzen, zure inguruan oskol bat osatu arte.

Ez dakizuna da nondik babesten zaituen gehiago oskol horrek, barrukotik edo kanpokotik. Zulo txiki bat egin nahiko zenioke, iragana eta geroa lotu daitezen, libre ibili daitezen oroitzapenak batetik bestera. Begiratu dezazun kanpora, eta begiratu zaitzaten barrura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.