Harrizko bihotzak ere beratzeko istorioa da Jean Giono-rena. Proventzako gainetan akiturik eta egarri dabilela, Elzéard Bouffier izeneko artzainak lagunduko dio narratzaileari. Berarekin biziko da tarte batez. Hala ikusten du nola, lurrean zuloak eginda, ezkurrak sartzen dituen. Lehen Mundu Gerra hasi da, ordea, eta frontera deitu dute. Urteetara, Bouffierrekin bizi izan zen parajeetara itzuli da. Arboladi zoragarria dago lehen basamortua zegoen tokian, ura dabil nonahi, artzaina erlezaina da orain. Handik atzera, urtero itzuliko da gizonarengana. Anartean, Bouffierrek basoa handitzen jarraitzen du, hainbeste non gobernuak, nondik eta nola sortu den ere ez dakiela, babesgune izendatuko duen. Nobelatxoaren amaieran, Bouffier egoitza batean dago, bertan hilko da.
Tourra Euskal Herritik igaro denean izan dut Pello Bilbaoren asmoaren berri. Laguna zuen Gino Mader taldekidea, berriki Suitzako Itzulian hila. Adiskidearen ametsa bere eginda, hala agindu du Bilbaok: euro bana jarriko du etapa bakoitzean bere atzetik sartzen den ziklistako. Hala egingo du bat Basoak SOS elkartearekin, Busturialdean lur sail bat erosi eta bertako espeziak landatzeko bertan.
Bistan da, bi egoerak ez dira parekoak, lehenik eta behin, Bouffier ez delako inoiz existitu, Jean Gionoren gogoan ez bada. Lurren gorritzea, berriz, horixe bai ez dela fikzioa. Basoen soiltzeak eta landatze desegokien logikak eder bihurtzen du Mader eta Bilbaorenaren antzeko edozein egitasmo. Hobe litzatekeela auzia lehenbailehen neurri politikoen bidez bideratzea? Jakina. Baina bitartean, eta keinuak eta ziklismoa erabaki ausartak baino gustukoago dituztenez, ez legoke gaizki diputatu eta senatari hautatu orok euro bana jarriko balu bi aste barru jasoko duen boz bakoitzeko.
Balkoian jartzeko geranioak banatzen has dakizkigun baino lehen.
LARREPETIT
Zuhaitzak landatzen zituen gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu