Blanca Urgell

Zorroztasunaz

2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Aterako duen liburuaren iragarki modura, iberieraren Sor, Sur eta Sir «osagaiak», akitanierazko Sori, Suri, Siri (ustezko) formekin lotu ditu berriki ikertzailetzako batek. Badakit ez dela erraza liburuan zehar azaldua txio batean laburbiltzea, baina, atsotitzak dioenez, zakuan zer den ikusteko, ahurtara bat aski. Garbigarri baten garai bateko iragarkiak bezala, «kotoiaren proba» bi egingo dizkiogu zakutik ateratakoari.

Lehena. Elektromagnetismo hitza gaztelaniatik datorrela frogatzeko 17 hotsen erabateko bat etortzea dugu. Gaztelania ezagutzen dugun bezain ondo ezagutuko ez bagenu ere, ez genuke dudarik egingo nondik den hartua. Berriz, sor, sur eta sir-ek hiruna hots baino ez dituzte. Munduko hizkuntzetan badirudi rotokas (Ginea Berria) dela hots gutxien dituena: bost bokal eta zazpi kontsonante; eta taa (Botswana) gehien daukana: 58 kontsonante, 31 bokal eta lau tono omen. Gehienak, ordea, erdigunerago kokatzen dira. Txikitan erakutsi ziguten permutazioen teoriaren arabera, beren lexikoaren zorroan hiru «osagai» horietakoren bat —edo guztiak— izateko aukera handia dago, bada.

Wiktionary-ren arabera, sur ‘hegoaldea’ da gaztelaniaz, ‘burrunba’ eta ‘garratza’ danieraz, ‘gainean’ frantsesez, ‘ziur’ kornubieraz, ‘horma’ arabieraz, ‘urmaela’ prasunez, ‘lapurra’ rohingyaz, ‘grisa’ errumanieraz, ‘tanta’ sumerieraz… Munduko hizkuntza anitzekin lotu ahalko genuke iberierazko sur hori, haren esanahia ezagutuko bagenu.

Bigarrena. Testu kate ulertezin batean sor osagaia bilatu nahiko bagenu, euskaran bertan hamaika aukera genituzke: SORta eta baSORa, adibidez, eta are abSORbitu, kurtSORe zein, ausarkiago, eXORzismo. Geure buruari eskatzen diogun zorroztasunaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.