Gerra Hotzaren garaira jo beharra dago hari muturra topatzeko. Errautsen gainean, Luxenburgoko Ituna sinatu du Alemaniak. Zazpi urte dira sobietarrek Auschwitz askatu dutenetik eta lau Israeleko estatua sortu denetik. Hitzarmenak Israeli 3.000 milioi marko ematera behartzen du Alemania (gaur egungo 1.530 milioi euro), eta beste 450 milioi marko Israeletik kanpo dabiltzan judu errefuxiatuei. Olaf Scholz kantzilerrak «Alemaniaren bigarren fundaziotzat» jo du orduko ituna. Eta hala ere, ez da aski, dio, «barruraino sartua dugun erru mina sendatzeko».
Harrezkero, zor morala aitzakia gisa, Alemania da Israelek Europan duen bazkide komertzial nagusia. 2023an, aurreko urtearekiko halako hamar areagotu du armen esportazioa. Kultura arloan, sendo errotua dago Israelen. Bi estatuen arteko ikasle, irakasle eta zientzialarien arteko joan-etorria etengabea da. Horrela ulertzen da Gazaren kontrako genozidioa hasi denetik Alemaniak erakutsi duen jarrera.
Hasiera-hasieratik galarazi zituen Alemaniak Palestinaren aldeko manifestazioak; Frankfurteko liburu azokan bertan behera utzi zen Adania Shibli palestinar idazleari eman behar zioten saria. Orain, naziotasuna lortzeko, Israelen existitzeko eskubidea aldarrikatzera behartuko ditu herritarrak.
Gazako erasoa amaitzen delarik, eta hildakoak hizketan hasten, jarraitu beharrekoa izango da alemaniar agintarien diskurtsoa, nola azaltzen duten, barrurainoko minari hizketan utzita, orduan Holokaustoan egile izan baziren, zor moralak behartu dituela garbiketaren itsumutil izatera orain. Eta jarraitu beharrekoa lagun jantxakurrena, nor ausartuko den koska egiten Europaren muinari eta guztion motor ekonomikoari.