Orain dela gutxi zure urtebetetzea izan da. Ez dugu elkar ezagutzen, gure gorputzak ez dira inoiz batera egon. Nahiko ironikoa dirudi, baina, zu egon beharrean, ni egon nintzen zure urtebetetzea ospatzen. Ez nuen zure tokia betetzen; zure tokian, panpina bat zegoen, zure argazki bat zeraman aurpegi gisa. Han egon zinen, sinbolikoki bada ere. 32 urte egin dituzu, eta espetxean ospatu dituzu. Nik, bitartean, zure familiarekin bazkaldu nuen. A ze eraikin injustuak diren kartzelak!
Zu ezagutzeko irrikitan nago. Zure inguruan dagoen jendeaoso jatorra da, zu ere horrelakoa izango zaren seinale. Zure lagun batek gonbidatu ninduen, hasieran nahiko lotsatua sentitu nintzen, ia ez nuen inor ezagutzen, baina zure ingurukoek oso ondo hartu ninduten. Errudun ere sentitu nintzen, zure amarekin, arreba eta beste lagun guztiekin bazkaltzen nuen bitartean. Zure neska-lagunak, zure ikasketak direla eta, espetxe erakundeek jartzen dizkioten traba guztiak deskribatu zituen. Dirudienez, espetxeak kudeatzen dituzten erakundeei bost axola presoen gizarteratzea. Ezer berririk ez.
Segur aski iritzi berekoak izango gara; nire ustez, behintzat, kartzelak behar dituen gizarteak porrot egin du. Gizarte honek arazoak ditu, gatazkak. Ezin da jendea zulo batean sartu eta giltza bota. Gehienbat, horrek ez duelako arazoa konpontzen. Barregarria da askotan erakundeen jarrera: batetik, indarkeria eta bortizkeria gaitzesten dute, baina, bestetik, ukatzen duten hori produzitzen dute.
Gure gizartea konplexua da; ezin ditugu pertsonak onak eta gaiztoak kategoriekin bakarrik sailkatu. Arrazoia izatea erlatiboa, subjektiboa eta negoziatzen den zerbait da, eta ez estatu batek berez duen zerbait. Azken finean, ez dugu ahaztu behar legeak eta estatuen mugak konbentzionalak direla, behin-behinekoak.
Hurrengo urterako, zure egunean, honi guztiari buruz zurekin zuzenean hitz egiteko esperantza badut. Eutsi eta muxu bat!
Larrepetit
Zorionak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu