Julio Soto.
LARREPETIT

Zoriona

2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Zorionaren atzetik igarotzen dugu bizitza. Hain gauza ederra baita inor gutxik ikusi duen hori, hain gauza goxoa baita inor gutxik dastatzea lortu duen hori. Baina hor nonbait behar du, bazter ezkuturen batean.

Bizitzako pausoak gorputza aurrealdera okertuta ematen ditugu, noiz usainduko duen sudurrak hain desiratua den harribitxia. Baina gerriko minez bukatzen dugu gehienetan eta arimari mesede gutxi egiten dio horrek.

Bidean zorionaren atzetik goazela, askotan nora goazen ere ahaztu egiten zaigu; eta gehienetan nora iritsi nahi dugun badakigun arren norabide okerra aukeratzen dugu helmugara iristeko. Barru bake handia behar baitu pertsonak zoriontsu izateko, askatu behar baitu gizarteak ezartzen dizkion kateetatik, askatu norberak sortutakoetatik. Baina nekez topatzen dugu barruan bakerik eta zoriontasuna hitz luzeegia delakoan edo, pozik bizitzearekin konformatzen gara.

Batzuetan iruditzen zaizu zoriona hatz puntekin ukitzear zaudela, hortxe dagoela. Baina ihes egiten dizu esku artean gordetzen saiatzen zaren lanbroa bailitzan; eta zalantzati geratzen zara ukitzera iritsi zaren. Ez baitakizu ziur zein den zehazki zorionaren forma, zerbait alaia behar duen, irribarrearen moldeko zerbait, ala malko baten antz handiagoa duen. Ze, izan al daiteke zoriontsu negar egiten duen pertsona bat?

Batzuetan, bizitzak zoriontsu izateko lizentzia kendu dizula sentitzen duzu, ezingo zarela sekula gehiago zoriontsu izan, edo ezingo duzula sekula gehiago zorionetik gertuen zeunden egoera horretara itzuli. Akaso orduan, malkoa bezala irribarrea ere zauritik jaiotzen denean izan zaitezke inoizko zoriontsuena. Edo ez. Ez dakit.

Agian zorionaren kontzeptua birdefinitu egin beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.