nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Zipli Freixasek, zapla Estebanek

2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zahartu egingo naiz. Egunero zahartzen naiz pixka bat gehiago. Nola erreakzionatzen du gure buruak baieztapen horren aurrean? Bertigoa? Beldurra? Ukazioa? Higuina? Zergatik horrelako erreakzio ezkorrak? Zahartzea ez al da ba bizitzea? Ze leku ematen diogu gizartean zahartzaroari? Zeeredu edo erreferente ditugu?

Anna Freixas idazlearen Yo, vieja liburuaren bitartez iritsi naiz hausnarketa horietara; zahartzaroari buruzko saiakera bat edo, autoreak dioen moduan, «izaki libreentzako biziraupen oharrak». Bertan esaten zaigu zahartzaroak ez gaituela mehatxatzen, hari buruzko gure ideiek baizik. Gehienok badakigu nola ez dugun zahartu nahi, baina ez dakigu nola zahartu nahi dugun. Izan ere, zahartzaroari buruzko kontakizun gutxitan erakusten da etapa honetan izaten den aniztasuna eta konplexutasuna; iritsi zaizkigun gehienetan erdizkako egiak azaltzen dira: menopausiari buruzko kontakizun katastrofikoa, habia hutsaren ipuina edo iparra galdu duen erretiratuarena.

Freixasen liburuari, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua-k lagundu dio egunotan mesanotxean. Zahartzeko modurik onena gazte nahirik ez izatea dela dio bigarren honek. Estereotipoei aurre egin nahi dietela diote autore biek, eta ez diotela uko egiten zaharrak direla aitortzeari. Existitzeko baimenik eskatu gabe kalean leku bat okupatuko dutela, ez direla espaloitik jaitsiko azkarragoa den beste norbaiten oztopo ez izateko.

Ile urdinak nabarmentzen hasi zaizkidan garaiotan, koloreztatu beharko nituzkeen erabaki ezinik nabilela, berotasun handirik gabe heldu nien irakurle taldean proposatu zizkiguten bi liburu hauei, urrutikotzat nuen gaia.Zipli eman dit Freixasek masail batean eta zapla Estebanek bestean. Denon ardura da zahartzaroari buruz ditugun beldurrak eta sinesmenak ezagutu eta deseraikitzea, bakean bizi ahal izateko; oraingo zaharrekin eta izango garenokin ere. Abiapuntua garbia da niretzat: Andrezaharra izan nahi dut handitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.