Berkeleyko jatetxe batean kontatu zigun Keiko Hiramotok istorioa, badira urte batzuk. Gerra garaian, ume zela, tropak etxera heldu, familia batu eta nola atera zituzten Kaliforniatik Arizonako kontzentrazio esparru batera. Ondasun guztiak kendu zizkieten, ez zituzten inoiz gehiago berreskuratu. Roosevelt bezain estatubatuarrak ziren, baina izen-abizenek salatzen. 120.000 lagunetik gora izan ziren guztira. Maiz datorkit akordura lagunarte hura. Ez nuen bestela seguruenik egundo izango historia txatal haren berri.
Alemaniako zibilek pairatutakoen neurria, ostera, W.G. Sebald-ek eman zidan, ezohiko edertasun mingotsez eman ere. Eskerrak ikasi genuen irakurtzen. Seiehun mila hil ziren bonbardaketetan, estatubatuar guztien halako bi. Hiroshima eta Nagaskikoaz, berriz, zer esan. Onddo nuklearraren estetika maitatzen erakutsi ziguten. Bonbapean bizi izan zena Masuji Ibuse-k kontatu digu, Tamiki Hara-k, Kenzaburo Oe-k, Sankichi Toge-k... hibukushak dira, bizirik atera zirenak. Luzaroan izan zuten galarazia bizitakoa kontatzea. Irabazlearena zen hitza, baita izugarrikeriaren biktimena ere.
Gerra amaitu zelarik, bi milioi mina gelditu ziren lurpean Danimarkako kostan, armada naziak landatuak. Haiek guztiak kentzeko 20.000 alemaniar preso erabili izan zituen Kopenhageko gobernuak, adingabeak ia denak. Hil ez zirenak mutilatuta itzuli ziren sorterrira. Urte luzez Danimarkako gizartea lotsatu izan duen istorio honetaz dihardu Martin Zandvliet zuzendariak Land of Mine filman.
Herrialde guztiek beren historia heroien bidez eraikitzen duten zibilizazio harro eta paregabe honetan, zein ezinbestekoak bihurtzen diren diskurtso ofizialez bazter kontatzen diren pasarteak, zein garbi agertzen zaigun tarteka sortzailearen beharra, galdera ikur bat ezartzeko badarik ere memoria kulturalak nahita ahaztu dituen esparru elkor, historiaren zimur horietan.
LARREPETIT
Zimurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu