Beste hamarkada eta beste hiri batean eskuratutako Clara Zetkinen liburu batera itzuli nintzen berriki. 2011. urtearen osteko munduko eta etxeko ziklo politikoen porrotak eta miseriak berriro ekarri dituzten figura horietako bat da Zetkin. Liburuak, besteak beste, SPDren 1896ko urriko Gothako diskurtsoa dakar. Han jasotzen da Engelsen aipu klasiko hori, zera dioena: «Familian senarra da burgesa eta emakumeak irudikatzen du proletariotza». Zorionez, garai hartan, Marx eta Engelsen osteko sozialismo iraultzailea ez zuten oraindik katixima bilakatu eta Zetkinek berak Engelsen esaldi horri kritika egin zion, emakumearen askapenaren auziaz zeuzkan mugak azaldu nahian.
Zetkinek, gerora Angela Davis gazteak bere egin zuen bezala, halakoak esan zituen: «[...] emakume proletarioaren zapalkuntzaren aurkako muga berriak altxatu behar dira [...]. Borrokaren azken helburua ez da gizonarekin lehia askea, baizik eta proletariotzaren botere politikoaren konkista. Emakume proletarioak soinez soin borrokatu behar du haren klaseko gizonarekin gizarte kapitalistaren aurka. Horrek ez du esan nahi ez dituenik emakume burgesen mugimenduaren eskakizunak ere babestu behar. Baina eskakizun horien lorpena beste helburu baterako baliabide bat beterik ez da, proletarioaren baitan arma berekin borrokatzen hasteko».
Bistan da zenbait kontzeptu duela bi mendeko abagunekoak direla, zorionez, zenbait lorpenengatik, helburu batzuk –emakume langileen bozkatzeko eskubidea, esaterako– iraganeko kontuak direla. Baina markoa, 1924. urtearen osteko Europako ezkerrak eta alderdi komunista nagusiek abandonatu zuten kapitalismoaren aurkako mugimendua, izugarri garaikidea da: erreformismo guztien arbuiatzea eta proiektu burgesarekiko aurkakotasuna, baita emakumearen auzian ere.