Ander Perez Argote

Zeru oskarbi, zeru lanbro

2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

«Nagikeria ematen dit gai horri buruz berriz idazteak», esan diozu Querer telesailari buruz idatzi dezazun gomendatu dizun lagunari, eta esaldiari erreparatu bezain pronto ohartu zara agian hain justu esaldi horregatik idatzi beharko zenukeela gai horri buruz. Zeren eta, hain zuzen ere, indarkeria matxistaren gaia handik eta hemendik, egunero ez bada astero, begirada batetik eta bestetik landua dagoela iruditzen zaizun momentuan, eta ezer berririk idazterik ez dagoela uste duzun momentuan, momentu horretan bertan agertzen da Querer, ikusgarri bihurtu den arazo sozial baten alderdirik ikusezinena erakusteko. Agertzen da Querer, eta erakusten dizu baietz, gutxi-gehiago onartua dela indarkeria matxista espektro politiko ia gehienean, existitu existitzen dela inor gutxik ukatuko dizula aho ozenez, baina gero, orokortasunetik partikularrera jaisterakoan, orduan hasten dela lanbroa, eta ordura arte oskarbi ikusten zena ez hain argi ikusten hasten dela gertu tokatzen denean.

Zeren eta, zerbait bada, mundu zabalean bai baina norberarengan edo gertukoengan ere halako jarrerak izatea ezinezkoa dela frogatzeko saiakeren bilduma da Querer telesail bikaina. Sinistetik ez sinistera bitarte egon daitezkeen gradu eta pantone kolore guztien bilduma. Horregatik kuestionatzen da erasotua izan denaren lekukotza, horregatik erlatibizatzen da, edo ez da dena ikusi nahi izaten, edo bilatzen dira justifikazioak, edo zuzenean seinalatzen da erasotua trapu zikinak atera eta ustez ongi zegoen bizitza bat hankaz gora jartzeagatik.

Dena, azkenerako, onartu nahi ez izateko gugan ere egon daitekeela jarrera zapaltzaile bat, gugan ere bai, gizon kontzientziatuok, Instagramen story-ak jartzen ditugunok, hain ongi ikasi genuenak gure kide feministei entzunda, hain ongi barneratu genuenok zapalkuntza mota horren izaera estrukturala, eta, halere, gauza bat ikastea ahaztu genuenok: izaera horrek berak gu geu jartzen gintuela noizbait egoki ez jokatzeko posizioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.