Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zertarako?

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Zertarako hainbeste sufrimendu? galdetzen da egunotan nahinon dela. Hainbesteko mina, zertarako? Zertarako balio izan du honek guztiak? Zertarako? dio odol gordinetandatzanak, gorpua bera galdera-ikur. Bitartean, baratze bat nahi dizut egin abesten entzuten da harri-kartoizko euskal etxe baten aitzinean.

Eta armen, heriotzen eta etekin politikoen ekuazioak lotzen nauelarik, ez garela munduan aurrenekoak datorkit, beste batzuena ere izan dela galdera. Nahi gabe, trumilka hartzen naute beste danbateko batzuek, milioika galdera-ikur odolduk eta zalantzan jartzen ez diren hamaika egitate politikok. Eta inoren lekuan jartzeko eskubiderik gabe, Jaraman eusten aritu ziren miliziarrak datozkit, eta no pasaran bizitzeko bandera egin zuten herritar haiek guztiak, haiek ere galdetu izango ziotela beren buruari zertarako. Zertarako hainbeste sufrimendu. No pasaran? Begira noraino sartu zaizkigun. Eta Frantziako bi, hiru, lau belaunaldi oso. Zertarako hainbeste hildako, zertarako herrialdea mendez mende gaixotu duen oinazea, behin eta berriz azpiratu ditugunak badira nagusi orain, ez Frantzian soilik, ezpada Europa guztian. Zertarako Auschwitz guztietako hildakoak, galdetzen dute bestearen mina ere min dela ikusita, geure aurrekoei egindakoa egiten ari bagatzaizkie, daukatena kentzen badiegu, txarrantxa artean bizitzera kondenatu eta txoriak bezala hiltzen baditugu. Zer ikasi dugu?

Armen, heriotzen eta diskurtso politikoen amaraunean, ez naiz gai izan buruketa ebazteko. Utilitarioa da galdera, absurdoa, eta humanoa ezinbestean. Norberaren erraietan aztarrika aritzera behartzen gaituen neurrian pertsona egiten gaituela, hortxe ez dut dudarik. Dudarik ez dudan bezala ez dela «zertarako?» galdetu ministerio, polizia-etxe eta alderdi nagusietako bulegoetan sufrimendua, sentimendu unibertsal hori, beste batzuena izan denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.