Hedoi Etxarte

Zertarako idatzi zutabeak

2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izango duzue gogoan nola gure hogei urteko Lagunari bateria agortu zitzaion aldapan gora. Kontua da, duela hogei urte, Nafarroako Liburutegi Nagusia eraiki behar zen orubean (Baluarte jauregiaren parean) Yolanda Barcinak, Iruñeko udal gehiengoa lagun, Corte Ingelesa eraiki zutela. Eraikitze lanetan ari zirela, lanetako kamioi altu bat orduko gure kotxeari katigatu zitzaion eta, gutxigatik ez zuen aita ere bertan birrindu. Ibilgailua txatartegira eraman zuten, eta gurasoek udal ikastolako guraso batek lan egiten zuen eskola ondoko kontzesionario batean erosi zuten kotxea. 

Kontua da, duela lau aste, Cordovillara bizikletan nindoala bederatzi urtez iraun duen bateria aldatu berria zuen kotxea jasotzera, oharkabean kartera poltsikotik erori zitzaidala. Kontzesionariora iristean jabetu nintzen eta, mundu burokratiko honetan, sakelakoa galtzearen mailako tragedia bat iruditu zitzaidan. Hala, bertako langileak gomendatuta atzera egin nuen bidea, aldamenean eroriko ote zitzaidan esperantzarekin. Metroz metro, ia lau kilometro egin nituen eta karteraren arrastorik ez. Baina poligonoan nindoala, ia oinezkorik ez zegoenez, banan-banan galdetzen nien gurutzatzen nituenei ea kartera batekin topo egin ote zuten.

Amilduta kontzesionariora itzultzen ari nintzela BERRIAko erredakzio nagusitik dei bat jaso nuen, eta uste nuen zutabeari buruzko zerbait izango zela. Bada ez, Mirianek deitu zuen, nire karterarekin topo egin zuela haren 6 urteko alabak Sadar futbol zelai inguruan, elkar topo egin eta gutxira. 

Miriani deitu nion, kontzesionariotik gertuko denda batean zegoen. Negarrez hasi nintzen, halako zortea bizitzan behin izaten delako eta, baita ere, aita hil zenetik zutabegintzak zentzu galera izan duelako niretzat: hura zen astero irakurtzen zutenetako bat.

Malkoak lehortu eta pentsatu nuen funtzioren bat izan behar duela euskarazko prentsak ere euskalduna ez den langile klase migrantearentzat. Izan zutabe hau irakurtzeko ala beste bat, noski

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.