nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Zer suizidatzeko prest?

2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Jon Lizarralde, Susana Arregi eta German Rubenach bainatzerajaitsi ziren Irunberriko Arroilaren ibaira, 1990eko ekainaren 25eko eguerdian. ETAko Nafarroa komandoa osatzen zuten, eta astebete zeramaten kanpin-denda batean, Guardia Zibilaren aurkako ekintza baterako informazioa jasotzen. Une hartan, handik igaro zen Nissan Patrol bat geratu, eta Jose Luis Hervás sarjentua jaitsi zen haiek identifikatzera. Ekintzaileek tiro egin, agentea hilda utzi eta ihes egin zuten. Ondorengo hogei orduan, Guardia Zibilak arroilaren bi irteerak itxi zituen, eta ez zen jakin zer gertatzen ari zen han barruan. Ondorioak latzak izan ziren: iluntzean Rubenach aurkitu zuten buruan tiroa zuela; ospitalera eraman zuten, eta bizia salbatu zuen. Biharamunean, Lizarralde eta Arregiren gorpuak aurkitu zituzten. Arregik bi tiro zituen buruan, Lizarraldek tiro bat buruan eta ibaiko ura biriketan. Espainiako Barne Ministerioak suizidatu egin zirela esan zuen, eta kasua itxi; baina kalean ez zitzaion sinesgarritasunik eman bertsio ofizialari.

Pako Aristik idatzi duen Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuan gertakari hauen inguruko ikerketa sakon bat garatzen da, non ondorioztatzen den gazte hauek torturatu eta akabatu egin zituztela. EAEn gobernatu ahal izateko Espainian agintea zuen PSOEren babesa behar zuen Ardanza lehendakariak, hasiera batean kontakizunaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak azaldu bazituen ere, egun gutxiren buruan eman zion erabateko babesa estatuaren gezurrari; statu quo-ari eustea lehenetsi zuen, minaren, gezurraren eta heriotzaren gainetik.

Larunbateko udalen eraketetan egin ziren hainbat akordio eta jukutria ikustean, ezin burutik kendu 30 urtean gauzak aldatu badira ere, azken finean, ez direla hainbeste aldatu. Batzuentzat denak eta denek balio dute euren burua salbatzeko batailan. Zer sakrifikatzeko prest leudeke? Zer suizidatzeko prest?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.